EGURALDIA

Berdin-berdina, baita asteburuan ere

Erredakzioa 2021ko abe. 17a, 07:27

Lainoa, izotza, eguzkia eta hotza. Hortxe Ortzi jaunak datozen egunetarako prestatu digun plana.

Astean zehar errepikatutako patroia mantenduko da gaur, eta baita asteburuan ere. Goizean goiz, lainoa izango da nagusi. Lautadan bereziki laino horri altxatzea kostako zaio. Gainerakoan, zerua oskarbi edo hodei gutxirekin mantenduko da eguna. Haizeak hegoaldetik joko du, suabe, baina zenbaitetan bolada gogorren batekin haserretu daiteke —tira, guztioi gertatzen zaigu noizbait—. 3 eta 11 gradu arteko tenperaturak izango ditugu. 

Asteburuari begira, antzera ibiliko da kontua, baina Eguzkiak ez du horrenbeste berotuko: larunbatean eta igandean, 4-8 eta 3-9 gradu arteko aldeak espero dira, hurrenez hurren. Haizeak gehienetan hegoaldetik joko du. Goizez eta gauez izotza sor daiteke. Gauzak hala, lainoarekin batera, antzigarra sortzeko abagunea egongo da. Hortaz, asteburuko ibilaldietan ez ahaztu argazki kamera: lainoak elikatutako izotz hauskor horiei esker, naturak ordu batzuez baino mantentzen ez diren ikuskizun ederrak zizelkatzen ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago