Imanol Esnaola

"Gasteizek gaitasun handia du herriei kalte egiteko eta on egiteko"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko urt. 7a, 06:00

Imanol Esnaola Eusko Ikaskuntzako Lurralde Orekako zuzendariak aurkeztu du Arabako landartasunari buruzko lana. RAUL BOGAJO

Arabako lurralde-aniztasunean eta landatarren eta kaletarren arteko hibridazioan sakontzea proposatzen du XXI. mendeko landatartasun berriari buruz Eusko Ikaskuntzako Lurralde Orekako taldeak aurkeztu duen lanak. Landa-eremuari buruz sortzen ari den kontakizun berria nabarmendu dute ikertzaileek.

Europa osoan herri txikien inguruko pertzepzioa aldatzen ari da, eta XXI. mendekoak diren baloreei lotutako elementu berriak agertzen ari dira. Landaren eta hiriaren arteko dikotomiaren apurketa, kasu, edo komunitate iraunkorraren kontzeptua agertu dira, besteak beste. Arabako Diputazioaren enkarguz, Eusko Ikaskuntzak landatartasun berri horri buruzko ikerketa lan mardula egin du, eta emaitzak eta gomendioak aurkeztu dituzte iragan astean ekitaldi batean. Imanol Esnaola (Lezo, 1971) Eusko Ikaskuntzako Lurralde Orekako lantaldearen zuzendari zientifikoak azaldu duenez, landatartasunak balio berri bat bezala garrantzia hartuko badu, "Araba abiapuntu hobeago batetik abiatzen da beste lurralde batzuk baino".

Landatartasun berriaren kontzeptua jaso duzue 'Herrietan eta landa-eremuan bizitzearen aldeko ahotsak' txostenean. Paradigma aldaketaz hitz egin duzu. Zer esan nahi du?

Eusko Ikaskuntzaren barruan ulertzen dugu XXI. mendean eta iraunkortasuna deitzen dugun horren barruan komunitateak ere iraunkorrak izan behar direla, ez klima bakarrik eta ez jarduera ekonomikoak bakarrik. Komunitate iraunkorraren ideiaren inguruan uste dugu, gainera, herri txikien inguruan dagoen kontakizuna aldatzen hasi dela, eta aldaketa horren atzean iraunkortasunari eta agian XXI. mendekoak diren baloreei lotutako elementu berriak agertzen ari direla. XX. mendera joango bagina, esate baterako, ikusiko genuke landaren eta hiriaren arteko dikotomia diskurtsibo bat, eta landa eremuaren gutxiespena, eta gainera, oso lotua dagoela nekazaritza industrializatuari edo oso intentsiboari. Eta, aldiz, XXI. mendean ikusten ari gara nolabait ere jarraitzen dutela inertzia zaharrek, baina inertzia berri batzuk ere ari direla pizten. Besteak beste, landa-guneetan bizitza kalitate hobeago bati lotutakoak eta abar. Eta lehendik datorren hori areagotzen da pandemiaren inguruan agertzen diren beste elementu batzuekin; adibidez hurbileko elikagaiak eskuratzearekin edo arazo batzuekin, zerbitzuak hurbil ez izatearekin, esaterako. Badago nolabaiteko fenomenologia zabal baten gurutzaketa eta egoera berri baten sorrera.

"Elikadura sortzeko gaitasuna gutxietsia izatetik urrun dago, bereziki pandemiaren ondoren" 

Zer ezaugarri nagusi izango lituzke Araban landatartasun berri horrek?

Arabara begira jarri aurretik izaera dibulgatzaileko dokumentazio lan bat egin dugu, herritarrak ulertu dezan ere landatartasunak badaukala testuinguru bat, testuinguru politiko bat, soziala, mundiala eta europarra. Hor datu asko ematen ditugu ikuspuntu desberdinetatik, eta Araba nola osatu den, nola gorpuztu den ulertzeko lanak ere egin ditugu. Informazio hori zuzenean protagonisten ahotik jaso nahi genuen, eta 300 bat lagun inguru elkarrizketatzen saiatu ginen. Gehienak, esan bezala, tokian toki konpromisoa hartutako lagunak dira, bai, sindikalistak, kulturgintzako jendea, eragile sozialak, zinegotziak, irakasleak eta enpresariak. Hortik kontakizun bat atera dugu, bereziki herri txikietako errealitatea gorpuzteko lanean ari den jendearena. Gauza asko atera dira, baina nik azpimarratuko nituzke elementu pare bat. Horietako bat da izaera hibridoa. Hain zuzen ere, XX. mendea amaitu dugu landatartasunari uko egiten, eta Araban landatartasuna oso bizirik dago. Beharbada beste leku batzuetan dagoena baino biziago. Eta elementu hori nabarmendu behar da. Landatartasunak balio berri bat bezala garrantzia hartuko badu, segur aski Araba abiapuntu hobeago batetik abiatzen da beste lurralde batzuk baino. Hibridazio horri garrantzia eman diogu, ulertuz ere gaur egun ez dagoela izaera landatar petorik.

Landatarra eta kaletarra nahastuta daude Araban?

Bai. Nahasten dira, ez adierazpen errazetan, baina bai adierazpen konplexuetan. Era batera edo bestera denok dugulako hanka bat jarrita landari lotuta, jarduera kulturala edo gai biografikoa, nahiz eta etorkina izan eta etorri berria. Araban aisialdiaren parte handi bat hor dago, elikaduraren beste parte bat dago eta lanaren parte handi bat ere. Beraz, uste dugu hori elementu garrantzitsu bat dela.

Beharrak eta arrakalak ere azpimarratu dituzte elkarrizketatuek.

Zer behar den galdetzerakoan agenda oso ezagun bat ateratzen da, baina horien artean gai nabar- menena etxebizitzarena da, bizitzeko moduko lekuak eskuragarri behar dira. Eta hor badago, bai etorri berria izan edo bertako belaunaldi gazteak izan, erronka bat. Besteak beste, horrekin batera ere, zerbitzuen inguruko gaia agertzen da.

"Herri txikiak aisialdirako bakarrik bihurtzen badira, anulatu egingo dira" 

Zerbitzuen falta?

Zerbitzuak duela ehun urteko egoerarekin alderatzen baditugu, orain badaude eskura eta agian zerbitzuena baino garrantzitsuagoak dira beste elementu subjektiboago batzuk, zerbitzuen garrantzia ukatu gabe. Zerbitzu berdinak izan behar baditut herri txikian ala hirian, zergatik joango naiz herri txikira? Beste zerbaitengatik da, ezta? Nolabait ere etxebizitzarekin lotutako gaia bada inportantea, garraioari lotutakoa ere hor dago, osasun zerbitzuei lotutako aldarria ere hor dago bereziki adin handia duen jendearen aldetik edo ume txikiak dituztenen aldetik. Badaude aldarri batzuk, aldarri garrantzitsuak, baina horrekin batera elementu subjektiboak ere badaude. Eta segur aski XXI. mendeak eskatzen du elementu subjektibo horiek ere elikatzea eta forma ematea, besteak beste, landa giroko herrietan bizitzea ez dagoelako soil-soilik nekazaritza industrialaren kulturari lotuta.

Baina lehen sektorea ardatza izaten jarraituko du?

Landa eremuak lehen sektorearekin daukan lotura berezkoa du. XXI. mendea imajinatzen dugunean hurbileko zerbitzuen ekosisteman pentsatu behar dugu, hurbileko elikaduraz ari gara esate baterako; eta duen aberastasunagatik Arabak Gasteizek, Donostiak, Iruñeak eta Bilbok osatzen duten laukian zeregin garrantzitsua izango du. Beraz, herri txikiek ere horri eutsi beharko diote. Besterik da elikadura lortzeko gaur egungo patroiak etorkizunean nola aldatuko diren. Adibidez, orain nekazaritza politika berriak aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu eta segur aski aldaketa horiek ez dira errazak izango hasiera batean hainbat nekazarirentzat. Baina, edozein kasutan hori balio bat da, ondasun bat da, ondarea da eta elikadura sortzeko gaitasuna une honetan gutxietsia izatetik urrun dago, bereziki pandemiaren ondoren. Pandemiaren ondoren inork ez dio ezikusiarena egiten gaitasun estrategiko bati, eta kasu honetan elikadura sortzeari. Oraindik bide luzea dago egiteko, baina herri txikiek eta landa-guneak arreta handiz zaindu beharko dute.

Oraindik estereotipo asko gainditu beharra dago? Nola begiratzen da landa eremura?

Diskurtsoa jaso eta gero jo dugu aztertzera nola irudikatzen den, eta nola irudikatzen den besteak beste idatziz. Eta hor badaude estereotipoak, batzuetan nahi baduzu behartuak; hedabideen kasuan, albiste bat eman behar dute eta gaurkotasunezkoa bihurtu behar dute, eta gai batzuk, gai mingarriak, errazago bihurtzen dira albiste. Desoreka handiek ere errazago justifikatzen dituzte aldarriak, administrazioaren ikuspegitik edo herri mugimendu baten aldetik. Beraz, hor badago dinamika komunikatibo bat nabarmen- tzen dituena askotan alderdi negatiboak. Eta, beste alde batetik, badaude dinamika positiboagoak ere non positiboa dena transmititzeko grina dagoen. Badaude joera kontraesankorrak, baina egia da estereotipoen gaiak pisu handia duela oraindik, gertatzen den guztiak estereotipoak indartzen dituelako edo ahultzen dituelako, eta orain arte behintzat indartu egin ditu. Horregatik, behin azterketa amaituta, estilo liburu bat landu dugu eta hor jaso dugu estereotipoak ez erabiltzea, paternalismorik ez erabiltzea... Eta, aldiz, sustatzea herri txikien ikusgaitasuna, jarduerak, errealitate arruntak islatzea.

"Lurralde-aniztasuna tratatu behar da errespetuz eta modu bateratzailean" 

Hiritik begiratzen da kasu gehienetan landa eremura, eta bertatik eraikitzen da kontakizuna.

Hiritik begiratzen delako, hedabideek badute ahalegin berezi bat egin beharra, hori azaleratzen. Berdin mugimendu sozialek, haiek zaindu behar dute haien gogoeta kritikoa transmititzeko modua, baina ez gaizki egiten dutelako, baizik eta egunero oreka horretan mugitzen direlako. Eta berdin ere alderdi politikoak eta administrazioak. Hor etengabeko eginkizun bat dago. Lurraldean Gasteiz bera bere baitan ez da ezer; eta Gasteizek gaitasuna dauka herri txikiei kalte egiteko, eta handia, baina baita on egiteko ere. Orduan, lurralde aniztasuna aitortzen bada, bideratu ditzagun gure praktika soziokulturalak eta sozioekonomikoak on egiteko eta ez kalte egiteko. Udalerri txikiak aisialdirako bakarrik bihurtzen badira, anulatuko dira.

Herri txikiak hiriaren parke tematikoak bilakatzeko arriskua dago?

Edo ulertzea herri txikiak hiriaren hedadura bat balira bezala. Ez, ez, herriek ere badute bere identitatea, badute bere erabaki organoa, badituzte bere lehentasunak, bere ametsak, eta nolabait ere badira nor, baina nor izate horretan kanpotik –nahita edo nahi gabe– eragiteko egon daitezkeen makro joerak ere autokritikoki begiratu behar ditugu kaletarrok.

Gomendioak ere egin dituzue aurrera begira.

Oraindik ere eztabaida asko falta da, eta guk esan dugunak aldaketa asko izango ditu praktikaren bitartez. Guk mahai gainean jarri dugu bide bat, eta bide horrek oinarri bat dauka: lurralde-aniztasuna tratatu behar da errespetuz eta modu bateratzailean. Eta ezin da ezikusiarena egin, ezikusia egiteak dakarrelako, hain zuzen ere, handiak txikia zapaltzea eta txikia ezkutatzearekin batera desagerraraztea. Lekua egin dezagun hori guztia beti kokatuz XXI. mendean eta Arabak topatu behar duen iraunkortasun batean. Iraunkortasun horrek behar duelako landa-gune bat, hain zuzen ere elikadura delako, ur garbia delako, osasuna delako, bizilekua delako, kultura delako, komunitatea delako... Abiapuntu hobea du Arabak, baina abiapuntua landu egin beharko du.

Herri txikiak nola bilakatu protagonistak?

Herri txikiek erabaki behar dute, eta eragile sozialek eta instituzionalek lagundu. Bolantea hartzen utzi behar zaie. Hor badago elementu bat gure txostenean azpimarratzen duguna, eta da herri txikiek bizi duten deskapitalizazioa. Gazteak galtzen ari baldin bazara, galtzen ari zara garai berrietara eramateko indarra. Orduan, herri txikietan segur aski gobernantza formulak berritzeaz eta gaur egun daudenak indartzeaz gainera, egitura horiek eta proiektu berriak lideratuko dituzten gazteak erakartzeko lana egin beharko da. Eta hor dago ikasgai garrantzitsu bat, eta hori egiteko kontsentsurik gabeko edo lankidetzarik gabeko formularik ez dago; herri txikietan ezin daiteke zatikatuta aurrera egin, kohesioa eta lankidetza gradu altuak eskatzen ditu.

Irudikatu daiteke Araba orekatuago bat? Nolakoa izango litzateke?

Araba orekatu bat nolakoa izan beharko litzatekeen esatea erreparoa ematen dit arabarra ez naizelako, baina bai, esate baterako, nire iritzian, Araba orekatuago batek eskatuko lukeena da Gasteiz hiriburua eta gainerako kuadrillen artean dauden lotuneak indartsuagoak izatea. Alegia, nolabait ere bide horretan erdian dauden hainbat herri, Agurain kasu, indartu eta hauen bitartez bere inguru hurbila biziberritu. Nik hor ikusten dut geltoki garrantzitsu bat. Eta bigarrenik, Araba orekatuago batean ikusten dut Arabako biztanleria lurralde orekarekin konprometituta, bai bertako baserritarren eta ekoizleen eskaintza egun baino maila handiagoan baliatzen, bai bizitza proiektuak herri txikietan egiten, izan urte batzuetan edo izan betiko; kalearen eta herrien artean herri txikietako proiektuekin lankidetzan aritzen... Eta ikusten dut beharrezko izango dela konpromiso sozialen sare eta zubi trinkoagoak, abiapuntua ona izanda. Hori izango da XXI. mendean erronka.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago