Etxetik euskal hiztunak diren haurrak eskoletan ez sakabanatzea eskatu du Arnas Dezagun guraso taldeak. D ereduan ikasi arren, euskaraz aritzeko eskubidea ez zaiela bermatzen salatu dute, eta beharrezko "arnasguneak" bermatzea galdegin; halaber, baliabideak eskatu dituzte erdal hiztunen euskara indartzeko, Mitxel Elortza (Gasteiz, 1988) taldeko bozeramaileak nabarmendu moduan.
Zein da elkartu zaituzten gurasoen kezka nagusia?
Ikastetxe gehienetan sistematikoki haurrak sakabanatu egiten dituzte, eta horrek eragiten du haur guztiak arrapaladan erdaraz berba egiten hastea. Azkar erdalduntzen dira, eta kasu askotan gure taldekideen seme-alaba askok uste etsigarriak sortu dituzte hizkuntzaren inguruan: "euskarak ez du ezertarako balio", "nire lagunek ez dute euskaraz hitz egiten", eta "euskaraz egiten badut, ez naute onartuko". Batzuentzat gogorra izan da. Guk aldarrikatzen duguna da arnasguneak sortzea, alegia gune erosoak euskaraz bizi ahal izateko.
Nolakoa izan beharko luke arnasgune horrek?
Arnasguneen kontzeptua uste dugu egokitua izan behar dela, eta ez duela balio duela hogei urtekoak. Uste dugu ez direla bakarrik ama hizkuntza euskara duten haurrak izan behar behar; arnasgune horretan gaztelania eta frantsesa ama hizkuntzatzat ez duten haurrak ere oso ondo txerta litezkeela uste dugu, eta gune euskaldunek hala erakutsi dute, ikusi da ingurua egokia denean oso ongi integratu eta euskalduntzen direla; gaztelania eta frantsesa ama hizkuntza duten haur batzuek ere, hizkuntzarekiko jarrera positiboa izanez gero, uste dugu hobetsi litekeela arnasguneetan txertatzeko.
Behaketa edo elkarrizketa egin beharko litzateke taldea egin aurretik, beraz?
Aztertu beharko litzateke. Gu guraso moduan gaude, eta gure proposamen guzti hauek adituekin osatu beharko lirateke. Arazoa mahai gainean jartzen dugu, proposamenak dakartzagu, baina irekiak gaude.
"Alferrik da guk egindako proposamena beste ekimen batzuen eskutik ez badoa"
Baliabideak eta laguntzak ere aipatu dituzue manifestuan.
Arnasguneak planteatzen ditugunean oso garrantzitsua da baliabideak ere ondo banatzea. Orain eskolek esaten dute oreka mantendu nahi dutela eta horregatik sakabanatzen dituztela, eta umeen esku jartzen dute sekulako ardura, haiei ez dagokiena. Baliabideak ondo bideratuko balira gehien behar dutenei, kasu honetan gela erdaldunei, probetxu handiagoa aterako litzaieke. Behintzat komunikazio hizkuntza hori oinarrian izan arte ikasleek, lehen urteetan sortzen baitira hizkutza harremanak.
Zuen proposamenarekin bi abiadura sortuko lirateke?
Uste dugu ezetz. Azken finean orain abiadura bakarra dago, zuzen-zuzenean denak erdalduntzera doana, besterik ez. Errefortzuak eta baliabideak beste gelan jarrita funtziona dezake, eta eredu ona lukete erdaldunek euskaldunena.
Gure bi taldekide Bizkaiko ikastetxe batean egon ziren, eskola publiko batean, non arnasguneak bermatzen diren, gutxienetariko bat da, eta hori izan zen galdetu genien gauzetako bat: nabaritzen duzue bi abiadura daudela bi taldeen artean? Esan ziguten jarri zituzten errefortzuekin hizkuntza maila berdinarekin iristen zirela bi taldeak. Eta patioan euskaraz entzuten duzu; hori hemen erabat galdu da.
Askotan galdetzen digute zer ikerketa dauden arnasguneen inguruan, baina nik galdera eurei bueltatzen diet: zer ikerketa dago sakabanaketaren onuren inguruan? Interesgarria izango litzateke benetan ondorio objektiboen bidez neurtu ahal izatea. Orain denei berdina egiten zaie; ez dugu aprobetxatzen batzuen potentzialitatea, eta ez dugu besteen ahulezia sendotzen.
Komunitatea trinkotzeko baliagarri izan daiteke?
Bai, eta uste dut harago joan behar dela. Gure proposamena ezin da era isolatu batean ulertu. Hau egiten baldin bada, baina ez badoa beste ekimen batzuen eskutik, ez du ezertarako balio; garrantzitsua da aisialdia euskaraz, hizkuntza paisaia euskaraz... zein garrantzitsua den eredu onak izatea irakurtzen eta idazten ikasten dauden momentuan. Hori ere zaindu behar da. Eta gero, noski, familiak ere inplikatzea ikas prozesuan; familia euskaldunek, noski, beste geletan parte hartu behar dute, gela erdaldunetan. Giltzarrietako bat da proposatutakoa, lagundu dezake, baina orain eztabaida behar dugu. Argi dagoena da ezin dugula jarraitu orain arte egon garen bezala.
Manifestua ezagutarazi eta sinadura bilketa hasi duzue orain.
Sinadura bilketa honekin Jaurlaritzak kontuan izan gaitzala nahi dugu – arnasdezagun.eus–. Administrazioekin lankidetzan aritzea da asmoa.