Erreportajea

Ihes-jokoak, ondo pasatzeko aukera berria

Mirian Biteri 2021ko abe. 25a, 06:00

Barratxi kaleko Mayto Kingdom ihes-gela guneko 'Zuk ere flotatuko duzu' jokoak sei sari jaso berri ditu.

Ihes-gelak gustuko dituztenak zorionekoak dira, oso kalitate oneko eskaintza zabala duelako Arabak.

Japonian sortu ziren 2007. urtean, eta oso denbora gutxian mundu osora zabaldu dira escape room edo ihes-gelak bezala ezagunak diren aisialdirako jarduerak; baita, gure artean ere. Gasteizen, azkenaldian, areto asko zabaldu dira, eta dagoeneko hamar baino gehiago daude. Baina zer dira zehazki ihes-gelak? Jolasaren muina espazio jakin batetik ihes egiteko modua aurkitzea da. Abenturazko joko fisikoa eta mentala da. Jende talde bat gela batean giltzapetu eta, emandako denbora amaitu aurretik, bertatik ateratzea lortu behar dute. Horretarako, igarkizunak, asmakizunak, pasahitzak, buruhausteak, zenbakidun giltzarrapoak eta bestelako erronkak gainditu behar dituzte parte-hartzaileek.

Enigma aretoa izan zen hiriburuan zabaldu zen lehena, 2015eko udaberrian. Gorbeia kalean dagoen ihes-gela honek bost esperientzia ezberdin eskaintzen ditu; horietako bat Exorzistaren alaba izena duena Gasteizen euskaraz egin daitekeen gutxienetarikoa da. Bestalde, gaur egungo eskaintza askotarikoa izateaz gain, oso kalitate onekoa ere bada. Izan ere, abuztuaren amaieran Bartzelonan ospatutako Escape Room Awards sarietan Mad Mansion enpresa barruan dagoen Mayto Kingdom ihes-gela guneko Zuk ere flotatuko duzu-ek Espainiako ihes-joko onenaren saria jaso baitu, beste bost sarirekin batera. Beldurra da nagusi horretan: orain dela 27 urte ehunka haur desagertu ziren, eta gertaera lazgarriak berriro gertatzen ari dira Derryko konderrian. Parte-hartzaileek esperientzia beldurgarri bat biziko dute, lehen aldiz etxe abandonatu erraldoi baten txoko bakoitza arakatuz. Eszenatokiek, efektuek, soinuek eta gertaerek, gainera, giro ezin hobea eraikitzen dute Barratxi kalean dagoen areto horretan.

Alberto Romero: "Beldurrezko joko bat bada ere, hasieratik oso ondo funtzionatu du, eta sariak jaso ditugunetik izugarria da. Mundu osotik gabiltza deiak jasotzen: Europatik, Asiatik eta baita Amerikatik ere".

Mayto Kingdom ez da saritua izan den joko gasteiztar bakarra. San Martin auzoko Mad Mansion beraren Dragonborn ihes-gela ere bigarren geratu da aipatutako sarietan, eta aurretik ere saritua izan da. Alberto Romero dago bi ihes-gela hauen atzetik, eta pozarren dago: "Oso denbora gutxi daramagu Zuk ere flotatuko duzu ihes-gelarekin. Beldurrezko joko bat bada ere, hasieratik oso ondo funtzionatu du, eta sariak jaso ditugunetik izugarria da. Mundu osotik gabiltza deiak jasotzen: Europatik, Asiatik eta baita Amerikatik ere", azpimarratu du Romerok. Sarrera guztiak agortuta daude abendura bitartean, eta interesa dutenek urtarrilera arte itxaron beharko dute gutxienez. Oraindik ere, Dragonborn baino ez dute euskaraz eskaintzen, baina laster, Zuk ere flotatuko duzu euskaraz egin ahalko dela iragarri du Romerok.

Landa gunean ere

Hiritik harago, Araban ere badago landa gunean kokatuta dagoen ihes-gelarik: Lautada Puzle Room. 2019an jarri zuen martxan aretoa Kontxi Jimenezek, Audikana herrian: "Inguruan lan egin nahi nuen eta hainbat ihes-gela ezagutu ostean animatu nintzen horrelako proiektu bat abian jartzera. 2018an hasi ginen prestaketa lanekin eta herrian dagoen ukuilu bat horretarako egokitu ondoren, 2019ko apirilean hasi ginen jendea hartzen", gogorarazi du. Landa eremuan egoteaz gain, bestelako ezberdintasun bat ere badu ihes-gelak: gaia. "Ingurumena jorratzen da Apokalipsi Natura izeneko jokoan. Ihes-joko gehienak hilketa eta eleberri beltzekin lotuta daude, eta guk haratago joan nahi genuen", azaldu du. Aldaketa klimatikoak hainbat hondamendi natural eragin ditu, eta horrek arriskuan jarri ditu espeziearen biziraupena eta planetaren etorkizuna bera. Bertan, egoerari buelta eman eta ingurua errespetatzen duen bizimodu bat berreskuratu behar dute parte-hartzaileek.

Gaia ingurumena izanda, umeei ere zuzenduta dago: "Familia asko etorri dira, haurrak eta baita aitona-amonak ere, eta guztiek oso ondo pasa dute", adierazi du Jimenezek. Horrekin lotuta, jarduera jokalarien mailara egokitzen dutela aipatzearekin batera, euskaraz egiteko aukera ere badagoela nabarmendu du. Parte-hartzaileen jaioterriari dagokionez, bereziki gasteiztarrak eta euskal herritarrak direla jakinarazi du: "Horrez gain, oporrak ihes-gelen arabera antolatzen dituzten frikiak ere heldu zaizkigu; esaterako, Almeriatik edo Bartzelonatik".

Kontxi Jimenez: "Baikor gaude berriro. Normalean, udazken eta negu partean egiten dugu lan gehiago eta uste dugu datozen hilabeteotan bisitariak izango ditugula".

Etorkizunera begira, baikor agertu da Lautada Puzle Roomeko arduraduna: "Hasi oso ondo hasi ginen, baina pandemiarekin bertan behera geratu zen guztia. Orain, baikor gaude berriro. Normalean, udazken eta negu partean egiten dugu lan gehiago eta uste dugu datozen hilabeteotan bisitariak izango ditugula".

Izarran eta Legution, aire zabalean

Norbanakoak ezezik, erakundeak ere ihes-jokoen esperientzian murgildu dira, hiriko ohiko ihes-gelen mekanika kaleko ingurunera egokituz. Hain justu ere, gela batera mugatu beharrean, ohiko escape room baten antzeko enigmak, kodeak eta erronkak udalerriko hainbat lekutan banatuz, bisitariei eskualdea ezagutzeko aukera eskaintzen diete Gorbeia Turismo Jomugak eta Gorbeialdeko Kuadrillak elkarlanean. Enaxi Eventos Tematicos enpresaren bidez, 2019an jarri zuten martxan esperientzia Urkabustaizen, Izarra Street Escape, apurtu madarikazioa jarduerarekin. Horretan, sorgin batek duela mende batzuk Izarran zehar egindako sorginkeriak desegin behar dituzte parte-hartzaileek, herria Gaueko jeinu gaiztoarengandik babestuz. Horretarako, hainbat lekutan gordetako enigmak deszifratu, horiek babesten dituzten kutxak ireki eta barneko magia zaharberritu behar dute saioa amaitu eta herria berriro arriskuan jarri baino lehen.

Familiei zuzenduta dagoenez, proben zailtasuna egokitzen da, helduentzako eta txikientzako erronka izan dadin. Bost eta hamar parte-hartzaile bitarteko taldeentzat prestatuta dago, 8 eta 14 urte bitartekoentzat, gutxienez heldu batekin lagunduta egongo direnak. Abuztuko saioen ondotik, irailaren 17, 18 eta 19ko eta urriaren 8, 9 eta 10eko asteburuetan helduko dio Kuadrillak berriro eskaintzari.

Izarra Street Escaperen historiak, baina, jarraipena du, Legutio Street Escape, lamiaren oparia izeneko ihes-jokoarekin. Euskal mitologiaren gaiak bere horretan dirau, baina oraingoan bestelako mito eta izakietan oinarrituta eta Legutioko eta Urrunagako urtegiko leku eta historiara egokituta. Zehazki, herrian ezkutuan bizi izan zen lamia baten urrezko orrazia aurkitu behar da bertan. Kasu honetan, 15 urtetik gorako taldeentzat zuzenduta dago jarduera, irailaren 10, 11 eta 12an eta urriaren 1, 2 eta 3an egin ahalko dena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago