Abokatua eta kultur kudeatzailea da Marta C. Dehesa (Amurrio, 1976), baina ezagunagoa da Mazokaren zuzendaria izateagatik. Urteen poderioz erreferentzialtasuna irabazi duen ekimena azaroaren 26tik abenduaren 26ra egingo dute aurten.
Abokatua zara. Zer egiten du abokatu batek ilustrazioaren munduan?
Nire profila oso berezia da. Abokatua nintzela esaten dut askotan. Epaitegietan ibilitakoa naiz, baina betidanik gustuko izan ditut komunikazio grafikoa, marrazkia, ilustrazioa, argazkilaritza... Nire bizitzan iritsi zen une bat non inguruan sortzaile asko nituen, eta ikusi nuen haien egoera ez zela batere erraza. Askotan zalantzak agertzen zituzten kudeaketari lotutako gaietan. Prekarietatea egoteaz gain, mundu honetan ezagutza falta asko dago kontu legalen inguruan, eta horregatik sektore kulturaleko abokatu izateari ekin nion. Sortzaileak eta talentua ematen dutenak lagundu nahi nituen, tresnak eta laguntza juridikoa haien eskuetan jarrita. Horrez gain, formakuntza asko ematen dut, jabetza eskubideen inguruan, profesionaltasunari buruz edota merkataritza tresnen gainean. Nire burua militantetzat dut ere.
Kontu legalek askotan ez diote laguntzen sorkuntzari, eta jende asko atzera botatzen dute, ezta?
Hala da, bai. Zerga sistemak eta burokrazia zaharkitua daude, eta marko horren baitan garatu behar da sortzaileen lana. Askotan lan boluntarioen inguruan sortzen dira ekimen asko, gauzak egiteko gogoa dugulako. Baina gero beti etorriko dira sortzaileei galdetzen dietenak ea zergatik kobratu nahi duten, gustura egiten duten kontu bat izanda. Gustura egin arren, hau ogibide bat da, edo izan beharko litzateke bederen. Horregatik, saiatzen gara erakusten kultura lan horien atzean ere profesionalak daudela. Aitortza eta ikusgaitasuna behar-beharrezkoak dira. Eta horregatik sortu zen, hain justu, Mazoka.
Galdera aurreztu didazu.... ea, zergatik sortu zen ba?
Mundu guztiak badakielako zer egiten duen musikari batek, edo aktore batek... baina jendeak ez daki zer egiten duen ilustratzaile batek. Ezagutza falta handia dago. Marrazkiak leku guztietan daude: bide seinaleetan, karteletan, arropetan... altzari bat muntatzeko jarraibideetan ere badaude! Horregatik, gure nahia beti izan da jendeari hurbiltzea marrazki horien atzean dauden profesionalak. Jende honen lana aitortzea, eta aukera ematea profesionalei haien lana erakusteko. Akaso izango da oholtza gainean ateratzen ez direla, baina errealitatea da jendeak ez dituela ilustratzaileak ezagutzen. Guk guztiak azalerazi nahi ditugu, eta, horregatik, azokara eramaten ditugu bai ilustrazioaren munduan lehen mailako figura direnak, baina baita ikasleak ere; horiek beren merituengatik daude azokan, eta haientzako tranpolina izatea ere nahi dugu. Mazoka bada ere modu bat ilustrazioaren mundu endogamikotik ateratzeko. Bestetik, sortzailek beraiek saltzen dituzte beren produktuak, eta hau oso garrantzitsua da. Funtsean, ilustrazioaren inguruan komunitatea sortu nahi dugu.
"Kulturan ari diren profesionalen lanek aitortza eta ikusgaitasuna behar dituzte"
Artearen alorrean ere O. kilometroko filosofia al dago?
Saiatzen gara hemengo artistak edukitzen, nahiz eta azokak erreferentzialtasuna hartu duen Estatu espainolean eta handik kanpo ere. Baina, bai, lehenesten ditugu Gasteizko zein Arabako ilustratzaileak. Bestetik, gustatzen zaigu ere errotazioa egotea. Zenbaitetan, sari garrantzitsuak jaso dituzten ilustratzaileei ezetz esan diegu, dagoeneko egonak zirelako azokan. Baina, egia esanda, urtero aurkitzen ditugu balore berriak Araban bertan. Azokaren antolaketarako beharrezkoak diren gaietan ere saiatzen gara hemengo hornitzaileak kontratatzen; ahal bada, emakumeak. Norabide horretan doa aurtengo gaia, hain justu: auzotasuna.
Zer egingo duzue edizio honetan?
Aurten azoka online egingo dugu. Eskura izan dugun aurrekontuarekin, hori izan da egin ahal izan duguna. Hala izanik ere, ez genuen ahaztu nahi urtero Mazokaren zain dagoen hemengo publikoa. Hortaz, egitarau paralelo bat osatu dugu. Azaroaren 26an irekitzen da online denda, mazoka.org webgunean, eta abenduaren 26ra arte egongo da irekita. Modu berean, erakusketa bat egingo dugu Montehermoso kulturunean. Datorren astean inauguratuko dugu, eta aurten berezia izango da. Izan ere, saiatuko gara jendeari erakusten paperaz gain beste euskarri asko daudela eskura. Eskegita egongo diren oihalekin osatuko dugu erakusketa, eta, oihal horien artean ibiltzean, bisitariek ilustratzaileen lanak ezagutu ahalko dituzte. Bestetik, katalogo bat egingo dugu, oso argitalpen txukun batean. Bisitariek etxera eraman ahal izango dute katalogoaren ale bat. Abenduaren 17an, 18an eta 19an beste hainbat ekitaldi egingo ditugu: bisita gidatuak, familientzako tailerrak... horiek bai heldu zein umeentzat. Gure ustez, helduok ere galdu behar diogu beldurra marrazteari, eta sortzeari. Bi ikuskizun ere egongo dira, eta baita Askoa Etxebarrieta La Pulga-ren emanaldi bat ere. Bi liburu ere aurkeztuko ditugu.Irudi grafikoaz Anuska Graphic estudioa arduratu da, eta aurtengo gonbidatu berezia Maite Gurrutxaga izango da; Euskadi saria jaso zuen, eta Mazokan parte hartu zuen baita ere. Prestatu duen kartelean oso ondo jasota geratu da Mazokaren filosofia.
Etorkizunaren formatu honekin jarraitu nahi duzue?
Gustatuko litzaiguke presentzialtasunera bueltatzea. Publikoaren eta egileen artean sortu ohi den zuzeneko tratuaren parekorik ez dago. Hori da gure helburua, eta pixkat triste gaude aurten horrela egitea ezinezkoa izan delako. Baina beharrezko baldintzak ez dira egon. Idealena izango zen aurrekontua izatea bi gauzak egiteko, bai azoka presentziala zein online formatuan. Batak komunitatea indartzen laguntzen du, eta bestea ilustratzaileen lana nazioartera eramaten.
Abokatua zarela aprobetxatuz: obra digitalen kasuan, zaila da kudeatzea marrazki digitalen egiletza eta antzeko gaiak?
Teknologia berrietara egokitu behar dugu, aukera asko irekitzen dituztelako. Baina arautu behar dira egile eskubideak eta, oro har, lan hori sortu duen pertsonaren eskubideak babestu behar dira. Dena oso azkar garatzen ari da, eta espekulazio mundu bat sortzen ari da gainera. Erabil ditzagun onerako; kasurako, benetan zenbat disko edo liburu saldu diren gardentasunez ezagutzeko.