Ia urtebete falta da hurrengo Euskaraldirako, baina pixkanaka hirugarren edizioan izango diren zenbait nobedade ezagutarazten ari dira. Gaur goizean argitu dute horietako bat. Ez da hala moduzkoa izango, gainera. Izan ere, ohiko belarriprest eta ahobizi rolez gain, hirugarren batean izena emateko aukera egongo da 2022an.
Antolatzaileen esanetan, ahobizi rolaz harago joan nahi dutenentzat prestatu dute rol berria. "Bigarren edizioaren ondoren egindako inkestei esker jakin dugu are rol aktiboagoa eskatzen duten lagun asko badirela. Horregatik, konpromiso horretan sakontzeko aukera eman nahi izan diegu".
Eskema berriari jarraiki, Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartu nahi dutenei hiru aukera eskainiko dizkiete: belarriprest, ahobizi eta belarrijale.
Aurreko edizioetan bezala, parte hartzaileek hainbat ikastarotan izena emateko aukera izango dute. Rol berriaren kasuan, iragarri dute euskararen erabileran sakontzeko baliabideak eskainiko zaizkiela. "Euskararen aldeko konpromiso aktiboaz gain, euskararen mundura bidelagun berriak ekarriko dituzten parte hartzaileak nahi ditugu. Euskara ez dakitenak euskaltegian izena ematera animatuko dituztenak, edota euskaraz jakinda ere erdal basamortuan bizi diren pertsonak ALEAkide izatera bultzatuko dituztenak", nabarmendu dute.
Norabide horretan, nazioartean sustengu bila abiatu direla erantsi dute. Jaurlaritzaren babesarekin, Ikerbasqueren eta BCHS Basque Center for Happy Socialization ikergunearen laguntza izango dute. Egindako gestioei esker, Euskaraldiaren nazioarteko lehen bi enbaxadore izango direnen izenak ezagutarazi dituzte ere: Bill Nye eta Neil deGrasse Tyson. Belarrijale rola hartuko dutela aurreratu dute.