Aldaketa nabarmenarekin dator aurtengo 150 gramo antzerki jaialdia, abenduaren 28tik 30era. Montehermoso kulturunean izango da aurten; ekitaldia hiriko espazio publikoetan egiten zen, azoketan nagusiki, baina osasunaren arloko agintariek ezarritako arauetarako egokiagoa den leku bat bilatu dute antolatzaileek.
150 gramo arte eszenikoen pieza laburren jaialdia da: antzerkia, dantza, zirkua, performancea, ipuin-kontalariak… "Ekimen hau sustatzen duten bi konpainiak zoriondu nahi ditut, Pez Limbo eta El Mono Habitado, jaialdiaren hamargarren urteurrenagatik. Ez dira garai errazak kulturarentzat, eta jaialdia aurrera ateratzea lortu dute, osasun-egoerara egokituz. Horrela, gasteiztarrek irabazi dute, kalitatezko miniaturazko antzezlanez modu seguruan gozatzeko aukera izango dutelako", adierazi du Estibaliz Canto kultura zinegotziak.
Aurtengo egitaraua abenduaren 28an hasiko da proposamen hauekin: Hago carrera (Beatriz Churruca), Ctrl alt supr (Zurrunka Teatro & Kolectivo Mostrenko), #Lovewins (Mutuo) eta Amatxik dixit (Goitibera). Asteazkenean, hilak 29, El Mono Habitadoren La buena letra antzezlanarekin hasiko da eguna, eta, ondoren, Tarteanen Salaketa, Daniel Estebanen Iocari eta Colectivo La Incendiariaren Anilina 2.0 izango dira ikusgai.
Ostegunean, hilak 30, kartel erakargarria egongo da amaitzeko: Interkonexion (Ane AT), Tabernaria (Tartean), Sangre y clorofila (Aritz Lopez) eta Criatura (Vicente Roldan eta Alcali Compañía).
Abonamenduen salmenta abenduaren 20an hasiko da, abonos150gr@gmail.com helbidean. Eguneko abonamenduak 12 euro balio du, eta hiru egunekoak, 30 euro. Sarrerak (4 euro ikuskizuneko) Montehermoso kulturunean salduko dira, abenduaren 22 eta 23an, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era.