Antzerkia eta zirkua elkartuko dira Eszena-Arte Tailerrean

Erredakzioa 2021ko abe. 16a, 09:48

Errege-Erregina Katolikoak kaleko lokalean egingo dira saioak. / TAE

Abenduaren 27tik 31ra, ikastaroa izango dute 6 eta 10 urteko bitarteko haurrek. 

Jaiegunak aproposak dira jolasa eta hezkuntza uztartzen dituzten ikastaroak antolatzeko. Hori dela eta, Eszena-Arte Tailerrak gabonak aprobetxatuko ditu berriro jarduera berezi bat antolatzeko. Abenduaren 27tik 31ra, antzerkia eta zirkoa batzen dituen kurtsoa garatuko da; 6 eta 10 urte bitarteko haurrentzat izango da, Errege-Erregina Katolikoak kaleko lokalean.

Antzerkia eta Zirkoa Gabonetan ikastaroa bost egunetan zehar izango da Gasteizko antzerki eskolan; txikiek, alde batetik, oholtza eta talde-lanarekin eta, bestetik, akrobazia, malabareak eta oreka-jokoekin gozatu ahal izango dute. Eszena-Arte Tailerrak proposatuko du gorputz-jolasez betetako kurtsoa, euskara eta gaztelania nahastuz garatuko dena.

Hitzordua goizez izango da egunero, 10:00etatik 13:00etara, eta, nola ez, neurri sanitarioak beteko dira. Informazio gehiago eta izen-ematea egiteko, 945-28 45 42 telefonora deitu, administracion@porpolteatro.com helbide elektronikora idatzi, edo bulegora joan daiteke, Errege-Erregina Katolikoak kaleko 4.ean, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:30era eta 16:30etik 19:00etara.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago