EGURALDIA

Egun dotoreak aurrean

Erredakzioa 2021eko abenduaren 15a

Hotza eta eguzkia tartekatuko dira gaur eta bihar, eta goizetan lainoek bere ohiko espektakulua marraztuko dute lurraldean. 

Neguko egun dotore horietako bat izango dugu gaurkoan: hotza, bai, bereziki egunaren hasieran eta amaieran; baina eguzkiaz ere gozatu ahal izango da arratsaldean. Goizean goiz, berriz, lainoak egunsentia girotuko du. Haize ahula joko du, norabide aldakorrekoa. Eguzkiaren presentzia horri esker tenperatura maximoak dezente igoko dira, 13 gradutara iritsi arte. Minimoak, berriz, 4 graduren bueltan egongo dira; beti ere, hiriburuaren inguruan.

Ostegunean, gaurko menua errepikatuko delakoan dago Euskalmet. Lanbroak goizean eta, noizean behin, Eguzkia ere bapo. Hegoaldetik putz egingo du Eolok. Tenperaturak zertxobait jaitsiko dira, 2 eta 12 gradu artean kokatuta.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago