Azken egunak Batera deialdira kultur proiektuak aurkezteko

Erredakzioa 2021ko abe. 14a, 14:00
'Batera, kultur proiektuak elkarrekin' deialdia abenduaren 21ean itxiko da. / OIHANEDER

Batera, kultur proiektuak elkarrekin diru laguntza deialdiaren laugarren edizioa azken txanpan dago. Hiru kultur proiekturi 2.000 euroko ekarpena egin eta crowdfunding bat abiatzeko laguntza emango die Oihaneder Euskararen Etxeak.

Gazteen artean euskaraz garatuko diren kultur proiektuak sustatzea helburu duen Batera, kultur proiektuak elkarrekin deialdia laugarren aldiz abiatu du aurten Oihanederrek, eta proposamenak aurkezteko azken astea iritsi da, bi hilabeteko epearen azken txanpan; abenduaren 21ean itxiko da.

Euskal Herriko 16-30 urte bitarteko edozein gazte euskaldunei zuzendutako deialdian aukeratutako hiru proiektuetako bakoitzari, crowdfunding kanpaina bat martxan jartzen laguntzeaz gain, 2.000 euroko ekarpena egingo die Oihanederrek. Aurkeztutako proiektu bakoitzak, hori bai, 3.000 euroko aurrekontua izan beharko du gutxienez.

Laboral Kutxaren eta Vital Fundazioaren babesa du deialdiaren laugarren edizioak, eta, horrez gain, Gauekoak programarekin eta Itsulapikoa.eus plataformarekin elkarlanean antolatu da. Hiru proiektu aukeratuko dira, proiektuaren sortzaileen jatorriaren arabera: Arabaz kanpoko proiektu onena —Laboral Kutxa—, Arabako proiektu onena —Vital Fundazioa— eta Gasteizko proiektu onena —Gauekoak eta Oihaneder—.

Antolatzaileek azaldu dutenez, "edozein ideiak balio du" euskaraz garatzekoa bada eta kulturarekin zerikusirik badu: adibidez, liburu edo disko bat argitaratzea, ekitaldi bat antolatzea, app bat sortzea, bideo-jolas bat garatzea edota euskarazko lelodun kamisetak egitea. Irudimena landuz gero, edozein aukera dago zabalik.

Proposamenak aurkezteko nahikoa da landu nahi den proiektuaren laburpena oihaneder@oihaneder.eus helbidera bidaltzea, oinarrietan azaldutako irizpideak jarraituz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide