Lainoarekin batera esnatu da eguna, eta Arabako hegoaldean lanbro hori goizean zehar mantenduko dela uste du Euskalmetek. Gainerakoan, zeru garbia geratuko da gaur. Hegoaldeko haizea ibiliko da, ahul eta aldakor, politikarien antzera. Mendi inguruetan bereziki izotza sor daiteke. Termometroa 2 eta 11 gradu artean mugituko da.
Asteazkenerako, antzeko iragarpena egina du meteorologia agentziak: zenbait puntutan iraunkorra izan daitekeen goizeko lainoa, eta ortzia txukun-txukun, hodeiren baten bisitarekin batera. Haizea berdintsu mantenduko da biharkoan, ufa egiteko gogo larregirik gabe. Tenperaturak ere bezperan bezala mantenduko dira, 3 eta 11 gradu artean.