Bueltan da Cortada film laburren lehiaketa, animazioan, fikzioan eta dokumentalean azken urtean izan diren produkzio onenekin, abenduaren 15etik 18ra bitartean. Aurten, 28 film labur lehiatuko dira, sei programatan banatuta, eta bi saiotan proiektatuko dira, 18:00etan edo 20:00etan, Dendaraban.
"Gasteizko Film Laburren Jaialdia aurrez aurrekoa izango da nagusiki berriz ere, pandemiak markatutako edizio baten ondoren. Eta aurpegi berriak izango ditu. Eskerrak eman nahi dizkiot Garbiñe Ortegari eta bere taldeari, urtero, abenduan, azken urtean ekoiztutako miniaturazko zinta onenetako batzuen aukeraketa eskaintzen digun ekitaldi honen ardura hartzeagatik", adierazi du Estibaliz Canto kultura zinegotziak.
Jaialdiko antolatzaileek nabarmendu duten moduan, estatuko zinemako izen handiak izango dira jaialdian, tartean Victor Moreno edo Carla Simon, zinema eskoletatik atera berri diren ikasle gazteekin batera.
Epaimahaia diziplina artistiko ezberdinetako Gasteizko hiru erreferente nagusik osatzen dute: Katixa Agirre, idazlea eta EHUko irakaslea; Ane Agirre, komisario independentea eta Tabakalerako praktika garaikideen arloko arduraduna; eta Helena Gonzalez, GazteFilm Fest haur eta gazteentzako zinema jaialdiko programatzaile, kultur kudeatzaile eta zuzendaria. Cortadako film labur onena, euskal film labur onena, dokumental onena, animazio onena eta Gureak film labur onena aukeratuko dituzte.
Jarduera paraleloak
Cortadak, halaber, Koldo Almandoz zinemagilea gonbidatu du bere lanari buruzko hitzaldi bat emateko. Asteazkenean izango da, hilaren 15ean, 18:00etan, Montehermoso kulturunean. Almandozek bere ibilbideaz eta esperientziaz hitz egingo du; izan ere, telebistako proiektu garrantzitsuak eta film luzeak egin ditu, eta, horrez gain, film laburra ere asko landu du, gehien gustatzen zaion formatua.
Eta ikus-entzunezkoetan sakontzen duten adierazpen artistikoen sustapenaren alde, Sara Zozaya abeslari, konpositore eta multiinstrumentista gazteak Itziar Garaluze artista bisual gasteiztarrarekin partekatuko du eszenatokia, abenduaren 18an (larunbata) 13:00etan, Jimmy Jazz aretoan egingo den kontzertuan.
Era berean, Sara Zozayaren kontzertuan, De corta y pega: manipulación de hallazgos visuales lantegiaren emaitza proiektatuko dute. Tailer hori Haz gunearekin elkarlanean egin zen abenduaren 10ean. Lantegian Super-8 euskarri zinematografikoan sakondu zen eta Clara Sanchez Dehesak, Nahikari Morak eta Rodrigo Sousak eman zuten.
Itxiera saioaren ondoren (abenduaren 18a, 20:00etan Vital Fundazio Kulturunean), Marina Lameiro zuzendari nafarraren Dardara dokumentalak emango dio amaiera Cortadaren XXV. edizioari. Emanaldia 21:00etan hasiko da Kubik aretoan eta bertan izango dira zuzendaria eta Gorka Urbizu, Berri Txarrak taldeko musikagile, gitarrista eta abeslaria.