Ricardo Becerro de Bengoa (1845-1902) arabar kazetari eta idazlearen kontakizunak biltzen dituen Historias increibles liburua kaleratu berri du Sans Soleil argitaletxeak. Atzo egin zuten liburuaren aurkezpena, Gasteizen.
Erdi Aroko Araba elkarteko kide Ander Gondra arduratu da horiek bildu eta editatzeaz. Aurkezpenean nabarmendu dutenez, orain arte "oharkabean" igaro diren idatziak dira liburu horretan bildutakoak.
Literatura idazle moduan idatzitako pasarteak dira Becerro de Bengoaren "hobekien gordetako" sekretuetako batzuk, editoreen esanetan; prosan gehienetan, baina baita bertsoan ere. Horiek guztiak garaiko zenbait aldizkaritan argitaratu zituen, modu sakabanatuan; besteak beste, Revista contemporánea, Almanaque de la Ilustración, Euskal-Erria edota La España moderna aldizkarietan.
Kazetaria bizi izan zen garaian oso estimatuak izan ziren kontakizun literario hauek, eta horregatik uste zen, hain justu, horiek izango zirela ospe gehien emango ziotenak. Gaur egun, ordea, zientziari buruzko idatziengatik eta, oro har, entseguetan bildutako lanengatik da bereziki ezaguna. Kasurako, duela gutxira arte Diputazioak urtero deitutako entsegu lehiaketak haren izena zeraman.
Horregatik, editoreek uste dute zor bat kitatzen dela lan honek argia ikusi izanagatik. Arabako Diputazioaren eta Vital Fundazioaren laguntza jaso du argitalpenak.