Dagoeneko martxan dago 12 urtetik beherako haurren txertaketa prozesua. Abenduaren 15ean, datorren asteazkenean, hasiko da, eta pixkanaka osatzen joango da: txertoa 11 eta 9 urte bitarteko umeek jasoko dute lehenago, eta, ondoren, eskuragarri dauden dosien arabera, adina jaisten joango da, 5 urteko umeetara iritsi arte.
Egun bat lehenago, hilaren 14an, asteartean, hitzordua hartzeko aukera irekiko dute, Osakidetzaren webgunearen bitartez. Orain arte egin den bezala, lehentasunezko bidea online izango da, telefono libeak osasun arretarako libre uzteko helburuarekin. Hala ere, hitzordua hartzeko arazorik izanez gero, osasun zentrora deitu ahal izango da: deitzean "1" tekla sakatu ondoren, txertoa hartzeko eguna eta ordua esleituko da, baita zortzi aste beranduago bigarren dosia hartzeko ere.
Aurretik, astelehenean, Pfizer txertoaren 60.000 dosi —dosi txikiagoarekin, helduei ematen zaien bestelakoa— jasotzea espero du Osakidetzak, hori baita Europako Medikamentuen Agentziak oraingoz baimendu duen txerto pediatriko bakarra
Osakidetzak azpimarratu du haurren txertoa "segurua eta eraginkorra" dela, eta dei egin die familiei beren seme-alabei txertoa eman diezaieten. Gainera, gogorarazi dute adingabeekin batera heldu bat joan beharko dela txertaketa puntura.
Guztira, EAEn 11 eta 5 urte bitarteko 145.000 ume inguru direla kalkulatzen da, eta horiek hartu beharko dute txertoa. Nolanahi ere, oraingoz ez zaie txertoa emango infekzio aktibo bat duten edo azken bi hilabeteetan Covid-19a izan duten adingabeei; une honetan, 5.600 ume inguru dira horiek.