Ohiko bisitaldi gidatuekin batera, beste hiru bisita gidatu jarri ditu martxan Gasteizko Udalak. Olagibelekin eta tokiko gozogintzarekin lotutako bi bisitaldi antzeztu eta jaiotzen inguruko beste bat izango dira. "Bisitaldi hauek ez daude bisitarientzat soilik pentsatuta, gure hiriko pertsonak ere harrituta geratuko direlako”, adierazi du turismo zinegotzi Maider Etxebarriak.
Hilabete honetako berrikuntza nagusia Justo Antonio Olagibelen ibilbide antzeztua izango da. Olagibelek ikuspegi arkitektoniko batetik oso garrantzitsuak diren Plaza Berria eta Arkupeak sortu zituen, Erdi Aroko Gasteiz eta Gasteiz modernoa elkartzea lortu zuten erreferenteak. Ibilbideko puntu batean Juanjo Monago aktorearekin egingo du topo taldeak. Olagibel, Gabonetako kontakizuna igande honetan estreinatuko da, hilak 12, eta abenduaren 26an, 28an eta urtarrilaren 2an errepikatuko da, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan.
Bigarren bisita antzeztua Ibilbide goxoa izango da, eta Arabako hiriburuko ehun urtetik gorako gozogintza tradizioa ezagutzeko, lantegiak bisitatzeko eta zenbait berezitasun dastatzeko aukera emango du. Kasu honetan, bisitaldia abenduaren 28an izango da, 10:45ean, eta urtarrilaren 4an, 10:30ean.
Horrez gain, Turismo Zerbitzuak Jaiotzen Ibilbidea ere antolatuko du hilaren amaieran, besteak beste, Katedral Berrian, San Migel elizan eta Farolen Museoan dauden jaiotzak bisitatzeko. Abenduaren 28an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 4an egin ahal izango da, 17:15ean eta 17:45ean.
Ibilbideen erreserbak Turismo Bulegoan (945 16 15 98) eta udalaren webguneko bisita gidatuen atalean egin daitezke.