ARDOGINTZA

Ardoaren auzia, are ozpinduago

Juanma Gallego 2021ko abe. 9a, 10:00
'Arabako Mahastiak' izendapena sortzeko proposamenak Europaren argi berdea lortu du. PHOT.OK

Arabako ardoetarako izen propioa lortzeko ahaleginak trabatuta daude. Errioxako Kontseilu Arautzaileak epaitegietara jo du, eta EAJk atzeratu egin du Kongresuan aurkeztu nahi zuen proposamena.

Eskualde lasaia izan ohi da Arabako Errioxa, baina azken hilabeteotan zurrunbilo informatiboaren barruan bete-betean sartu da. Euskal Herrian ez ezik, Espainiara iritsi da eskualdearen oihartzuna. Lerroburuetara ez da heldu ardoa egiteko baliabideen prezioaren arazoa, ezta upategi txikien egoera ere. Arabako ardoetarako jatorri deitura propioa lortzeko ahalegina da bazterrak nahastu dituena.

Ibilbide luzeko istorioa da, baina joan den martxoan jazo zen auzi honetan mugarri izan zen gertakizuna. Orduan Arabako Mahastiak jatorri deitura eratzeko egitasmoak Europako Batasunaren argi berdea lortu zuen. Halere, eta aurreikusi zitekeenez, horrek ez zuen jende guztia poztu. Izan ere, joan den astean Errioxako izendapenaren Kontseilu Arautzaileak helegitea jarri zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian; martxan dagoen izapidetze prozesua epaitegietan geldiarazi nahi dute.

Auzia, Kongresuan

Beste modu batean bada ere, gaia Espainiako Kongresura iristear egon da, baina azkenean ez da horrela izan. EAJ-k aurkeztu behar zuen jatorri deitura arautzeko lege proposamen bat. Horren arabera, Arabarako kontseilu arautzaile berria sortzeko modua egongo litzateke, eta haren ardurapean egongo litzateke Araban sortzen diren ardoen kontrola, berezko sor-marka gisa. Modu berean, kontseilu berri horren gaineko jarraipena Jaurlaritzaren esku egongo litzateke. Orain Espainako ministerioaren esku dago Errioxa jatorri deituraren gaineko azken kontrola, hiru autonomia erkidego tartean daudelako: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa eta Errioxa. Proposamen berriaren arabera, erkidegoka kudeatu litezke deitura izendapenak Espainia osoan, eremu geografiko bakoitzean upategien eta mahastizainen %60 horrekin ados dauden kasuetan. Lurraldearen babes juridikoa, promozioa, uzten kalifikazioa edota etiketen kudeaketa bera ere kontseilu berri horien esku geratuko litzateke.       

Halere, eta Espainiako aurrekontu orokorren bozketarako aurretiazkoetan egonda, EAJk iragarri du proposamen hori "gerorako" utziko duela. Aitor Esteban jeltzalearen arabera, Kongresuko giroa "gaiztotuta" dago, baina gaia jorratzeko, Espainiako alorreko ministroaren konpromisoa duela dio. Espainiako Nekazaritza ministro Luis Planasek ere onartu du Estebanekin hitz egin izana, baina haren hitzetatik aise ikusten da zein izango den Madrilgo gobernuaren jarrera. "Kontseilu arautzailea ardandegi jabeen afera da, eta beraiek dira Errioxan zer egiten den erabakitzen dutenak. Politikariok eta gobernuak lasai utzi behar dugu sektorea, egin behar dutena egin dezaten", aurreratu du. Ministroaren aburuz, afera honetan "bakarrizketa ugari eta elkarrizketa gutxi" dago. Bistakoa da zuhurtzia: kontuan hartu behar da Errioxa erkidegoaren gobernua ere PSOEren esku dagoela.

Sektorea, "gatibu"

EAJk horretan aurrera egin izanak ere hautsak harrotu ditu. Atzerapena Arabako ardogintza "gatibu" dagoen adierazle dela esan du EH Bilduko batzarkide Kike Fernandez de Pinedok. Alderdi abertzaleak Errioxako gobernuaren presioak dakuski erabakiaren atzean, eta baita "borondate falta" ere.

PPren iritzia guztiz kontrakoa izan da. Iñaki Oiarzabal batzarkideak sare sozialak baliatu ditu esateko sor-marka propioa lortzeko ahalegina ardogintza "zatitu eta politizatzeko saiakera" dela. Are, ziurtatu du EAJk "txiringito" bat sortu nahi duela. Ezker Anitzak ere gaiaren bueltan adierazpenak egin ditu, atzean dagoen polemika "gehiegizkoa" eta "artifiziala" dela esateko. Errioxako Kontseilu Arautzailearen jarrera kritikatu du Jose Damian Garcia-Moreno batzarkideak. Kontseiluari eskatu dio sektore osoaren alde egiteko, eta ez jarduteko "sanedrin baten moduan".

Oiarzabalekin batera, Errioxako Kontseilu Arautzailea izan da hitzik gogorrenak baliatu dituena. "Eraso funsgabetzat" jo du EAJren proposamena, eta jatorri deituraren irudia "kaltetzen" dutela erantsi du. Esanguratsua da erabilitako hizkera: jatorri deitura "bata eta bakarra" dela ziurtatu du, "haren aterkiaren barruan dagoeneko bermatuta dauden espezifikotasunekin". Kontseiluaren arabera, "batasun" horren ondorioa dira egungo jatorri deituraren "indarra eta aitortza".  Are, sor-marka "zatitu nahi duen edozein saiakerari" aurre egiteko "eskura dituen baliabide eta tresna guztiak" baliatuko dituela aurreratu du.

Ozpindutako giro honetan, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak ohartarazi du  Arabako Mahastiak jatorri deitura eta EAJren proposamena "guztiz desberdinak" diren gauzak direla, eta alderdi jeltzaleak Madrilen aurkeztutako proposamenaren inguruan ez  dagokiela baloraziorik egiterik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide