Azken asteetan, Covid-19aren pandemiaren bilakaerak EAEko ospitaleen egoera okertu du —une honetan, 260 paziente daude plantetan eta 74 ZIUetan—, eta presio asistentziala areagotu egin da. Horrekin batera, lehen mailako arretaren egoerak okerrera egin du, lan karga handia eta langile falta direla eta. Hortaz, anbulatorioetan dagoen presioa arintzeko neurriak iragarri ditu Osasun Sailak.
Osasun sailburu Gotzone Sagarduik astearte honetan —osasun larrialdi berriaren bosgarren egunean— iragarri duenez, Osakidetzak "premiazkoak ez diren jarraipen kontsultak" bertan behera utzi eta atzeratuko ditu, gaixotasun kronikoak dituzten pazienteen kasuan. Oraingoz, arnas arazo akutuak eta sukarra duten pazienteak lehenetsiko dira, baita sintrom sendagaia hartzen duten pertsonen jarraipena eta Covid pazienteen arreta ere.
Bitartean, sailburuak eskatu du jendeak ez dezala osasun zentroetara deitu jarraipen kontsulta mantentzen den ala ez jakiteko. Aldaketaren bat izanez gero, Osakidetzak zuzenean jakinaraziko du; kontrakorik adierazten ez badu, hitzordua duten pazienteak kontsultara joan beharko dira.
"Arduragabekeria"
LAB sindikatuak gogor kritikatu du Sagarduiren iragarpena: "Osakidetzaren arduragabekeriak ez du mugarik. Beste behin ere, lehen mailako arretan murrizketak eginez egin nahi dio aurre pandemiari, 4.000 langile kaleratu ondoren", salatu du sindikatuak. "Badirudi Osasun Saila pandemiaz egiten ari den kudeaketaren helburua dela ordain dezaketen pazienteak sektore pribatura ihes egitera bultzatzea eta herri klaseak abandonatuta uztea, EAEko herritarrentzako arreta giza baliabideekin eta baliabide materialekin indartu beharrean".
Haurren txertaketa
Bestalde, Sagarduik iragarri du abenduaren 15etik aurrera hasiko dela haurrei txertoa jartzen. 11 urteko haurretatik abiatuko da, eta hortik behera, 5 urteko umeetara iritsi arte. Gaur egun, EAEn 143.000 haur inguru daude adin tarte horretan. Une honetan logistika antolatzen ari dira, eta dosiak noiz iritsiko diren jakin bezain laster, zitazio prozesuari eta txertaketa egiteko espazioei buruzko informazioa emango du Osasun Sailak.
Hurbileko kontaktuak
Halaber, hemendik aurrera, Covid-19 positibo baten hurbileko kontaktuek euskadi.eus webguneko formularioaren bitartez hartu ahal izango dute proba diagnostikoa egiteko hitzordua, jarraipen sarearen deiari itxaron gabe. Pertsona horiek SMS mezu baten bitartez jasoko dute hitzordua:
- Txertaketa-jarraibide osoa badute edo azken 90-180 egunetan Covid-19ko infekzio aktiboa izan badute, proba diagnostiko bat egingo zaie. Negatibo ematen badute, ez dute berrogeialdirik egin beharko, baina bai "prebentzio neurriak zorroztu eta Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak agertzen ote diren zaindu".
- Pertsona txertatuta ez badago, berrogeialdia egin beharko du eta SMS berri bat jasoko du zortzi egun beranduago beste proba bat egiteko.
Horrela, Osasun Sailak abisatzeko epeak murriztea espero du, azken asteetan gainezka egin duen detekzio sarearen saturazioa arintzeko.