Blas Arratibel sariketa

Eskulangileen uztari, leihoa

Erredakzioa 2021ko abe. 8a, 10:00

Blas Arratibel sariak joan den ostegunean banatu zituzten. / AFA

Leire Garcia eta Jose Antonio Martinez dira 2021eko Blas Arratibel artisautza lehiaketaren irabazleak; Xabier Santxotenari ere aitortza egin diote "bizitza osoa artisautzari eta eskulturari emateagatik".

Leire Garcia Lopez de Munain eta Jose Antonio Martinez Oses artisauek irabazi dute aurtengo Blas Arratibel sariketa. Diputazioak sariak emateko urtero egiten den ekitaldiaren barruan, aitortza egin dio Xabier Santxotena eskultoreari ere, artisautzari eta eskulturari bizitza osoa emateagatik.

Leire Garcia Lopez de Munainek artisautza tradizionalari edo sortu berriari eskainitako saria irabazi du, 3.000 euroz hornitua, bere Itsasoan lanari esker: gres zuriz egindako zeramikazko pieza bat da, tornuan egina, eta ondoren hainbat esmalte aplikatuta, irudizko itsas izaki baten itxura hartu duena.

Itsasoan lanaren oinarriaren kanpoaldea zimurtsua da, eta horrek itsasoko urak sortzen duen higadura islatzen du; barrualdea, ordea, guztiz bestelakoa da, nakarrez modu finean apaindua. Itsas hondoetako animalia eta landare bizitzan inspiratutako bilduma bat dauka Garciak, eta bilduma haren parte da aipatutako artelana.

Beste alde batetik, Jose Antonio Martinez Osesek sari berezia irabazi du, 1.320 euroz hornitua, Zuhaitzak ere adardun dira lanari esker: neurri desberdinetako hiru alboka, desberdin apainduak, ezpel, intxaurrondo, astigar, palobioleta eta gereziondo zurez eginak. Martinez Osesek eskultura ikasi zuen Arte eta Lanbide Eskolan, eta musika Luis Aranburu Eskolan. Duela 25 urtetik hona bi pasio horiek uztartzen ditu, eta euskal musika tresna tradizional hori sortu du eskuz. Bere ekarpena eta originaltasuna albokak behi adarrik erabili gabe egitea izan da, adarra zuraz ordeztu baitu.

Ekitaldian, Gonzalezek artisauek egiten duten lana nabarmendu du, lanbide tradizionalak mantendu eta transmititzen baitituzte. "Arabarrak ere animatu nahi ditut lan hori aitor dezaten, datozen Eguberriei begira opariak eta erosketak egiteko orduan gure artisauak aintzat hartuz".

Xabier Santxotena

2021eko Blas Arratibel sariketan aitortza egin diote, baita ere, Xabier Santxotena eskultoreari, zuraren eskultura eta artisautzari eskainitako bizitza osoagatik.

Santxotena Bozaten (Nafarroa) jaio zen 1946an, baina duela 25 urte baino gehiago Artziniega herrian ireki zuen estudioan garatu du bere obra zabalaren zatirik handiena. "Xabier Santxotena artisau bokazioaren eta bokazio artistikoaren adibide bat da, pieza klasikoen bidez lehenik eta zurezko eskulturaren bidez gero, eta Arabako kulturaren garapenarekiko konpromiso pertsonalaren adibide ere bada, Santxotena lantegi museoa eta Aiaraldeko kultura bizitzan inplikatu baita", adierazi du Cristina Gonzalez diputatu nagusiordeak.

Zura landu zuen eskulangile familia batean jaio eta hazi zen Santxotena, eta ebanisten eta arotzen berezko teknikak transmititu zizkioten, Gonzalezek gogoratu moduan, "baita naturarekiko eta euskal kultura tradizionalarekiko maitasuna ere, zeina bere lan osoan islatzen baita". Irakaskuntza haiek hazia erein zuten, eta handik urte batzuetara, hazi hori eskulturarako bokazio eta grina bihurtu zen, Jorge Oteizaren estimulu eta gidaritzapean.

Santxotenak Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen, eta espresionismo berri abstraktuari lotutako estilo propioa garatzen hasi zen. Hala, eta Araban zenbait ostalaritza negozio izan ondoren, duela 25 urte Artziniegan ireki zuen bere estudioa, eta, urte batzuen buruan, Santxotena lantegi museo bihurtu zuen, eta han erakusten du bere obraren zati handi bat; teknikak eta bere lan prozesua azaltzen dizkie han.

Santxotenaren lana oso zabala da, eta batez ere zurez egina. Gai nagusiak euskal mitologia eta tradizioa dira, baina pieza bereziak egiten ditu beste material batzuk erabiliz ere erakunde edo museoetarako.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago