LP Fotografos estudioak milioi bat argazki laga dizkio Arabako Artxiboari

Erredakzioa 2021ko abe. 7a, 11:36

Ana del Val Kultura Saileko foru diputatua eta L&P Fotografos estudioaren ordezkaria. / AFA

Arabako Artxiboari 1985 eta 2019 bitarteko milioi bat argazkiz osatutako dohaintza egin dio LP Fotografos estudioak. Irudiek Gasteizko gizarte, ekonomia, kultura eta kirola islatzen dituzte, baita hiriburuan izandako hazkundea eta arkitektura aldaketak ere.

Duela hilabete batzuk iragarritako argazki funtsaren dohaintza ziurtatzeko hitzarmena sinatu dute Ana del Val Kultura Saileko foru diputatuak eta Pedro Elorza eta Luis Montoya LP Fotografos estudioaren ordezkariek. Horrela, bere jabetzako argazki funtsa —milioi bat argazki eta 500.000 euroko balioa— Arabako Artxiboaren esku utziko du estudioak.

Argazkiak Gasteizen kultura, erlijio, arte, festa, kirol, ekonomia eta gizarte arloetan izandako gertaera garrantzitsuenak biltzen dituzte, baita Arabako hiriburuan 1985etik 2019ra bitartean gertatutako hazkundea eta arkitektura aldaketak ere.

Behar bezala zenbakituta eta kontserbazio egoera oso onean dagoen bilduman paperezko koloretako materiala, negatibo polikromoak, diapositibak eta CDtan bildutako formatu digitaleko irudiak daude; Arabako Artxiboak lehendik dauzkan gainerako funts eta bildumak osatuko ditu, eta Foru Aldundiaren ondarearen osagai bihurtuko da.

Azken hilabeteetan, hitzarmena iragarri ostean, Probintzia Artxiboak sakon aztertu du agiri sorta erraldoia, eta hari dagokion jarduketa plana egin du. Aldundiaren Agiritegi Zerbitzuak argazki funtsa jendearen eskura jarriko du ikerkuntza helburuekin, eta haren kopiak egitea eta zabaltzea baimenduko du, betiere emaileen izenak adieraziz gero.

"Urte hauetan egindako lana eskertu behar da, batez ere lan horrek Probintzia Artxiboa bezalako erakunde batean irautea erabaki izana, hark zainduko eta jendearen eskura jarriko baitu", adierazi du Ana Del Valek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago