Urtezahar gaueko zuzeneko emankizuna Gasteiztik egingo du aurten ETBk. Plaza Berrian 2022ari ongietorria emateko bi ekitaldi egingo dituzte ETB1en eta ETB2n.
Yerai Diaz Gaur Egun albistegiko aurkezleak, Ainhoa Etxebarria Zurekin bat lehiaketako aurkezleak eta Aitziber Garmendia aktore eta aurkezleak zuzenduko dute abenduaren 31n Kaixo 2022 saio berezia ETB1en. ETB2n, berriz, Africa Baeta Teleberri saioko aurkezleak, eta Nos echamos a la calle magazineko Ane Ibarzabalek eta Aitor Albizuk aurkeztuko dituzte kanpaiak. Bi emanaldiak eitb.eus helbidetik zuzenean jarraitzeko aukera ere egongo da.
Kanpaikaden ondoren, su artifizialak eskainiko dira eta, une horretan, bi telebista-kateek elkarrekin emango diote urte berriari ongietorria plazatik. Alkatea, Gorka Urtaran, pozik agertu da "Euskadiko familia guztiek urte berriari ongietorria Gasteiztik egiteko aukera izango dutelako EITBren eskutik". Horrez gain, Gabon hauetan hala nahi duten guztiei hirira etortzeko gonbidapena egin die.
Kanpaikaden emankizunaz gain, Arabak protagonismo berezia izango du ETBren Gabonetan ETB2ko Gabon gaueko Dancing Araba saioari esker. Igor Siguerok eta Nerea Aliasek aurkeztuko dute eta lurralde honetako hiritar ugari izango dira bertako protagonistak. Horrez gain, Eguberri egunean bertan, Gasteizko Iradier Arenan filmatu zuten Olentzero musikala eskainiko dute.