Bihartik aurrera ezinbestekoa izango da osasun ziurtagiria erakustea Euskal Autonomia Erkidegoko gaueko aisialdirako lokaletan sartzeko, —kasurako, 22:00etatik aurrera, musika tabernetan edo dantzalekuetan— eta baita 50 lagun baino gehiagoko edukiera duten jatetxeetan ere.
Hala erabaki du gaur Jaurlaritzak, Espainiako Auzitegi Gorenaren aldetik emandako babes juridikoa jaso ondoren. EAEn osasun larrialdiko egoera ezarri duen lehen egunean hartu da neurria. Larrialdi egoera indarrean den bitartean, Lehendakaritzaren esku egongo dira osasun egoerarekin erlazionatutako erabaki guztiak erkidegoan.
Gaur arratsaldean bildu da LABI batzordea, neurri gehiago ezarri ala ez aztertzeko, baina bileraren ondoren ez dute bestelako erabakirik jakinarazi. LABI batzordea bildu aurretik, agerraldi batean Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu du "ahal den espazio guztietan" ezarri nahi dutela osasun ziurtagiria erakusteko betebeharra. Momentuz, zenbait espazio itxitan —bereziki publikoa zutik dagoen kasuetan—, gimnasioetan, espazio itxietan egiten diren kirol jardueretan, eta ospitaleetan zein zahar etxeetan sartzeko nahitaezkoa izatea eskatuko dio Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiari.
Jaurlaritzak ostalaritzako langileen esku utzi du osasun ziurtagiriak konprobatzeko ardura, bai paperean zein formatu digitalean. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak gaur sinatutako aginduan zehaztutakoaren arabera, establezimenduetako jabeek nahiz poliziek "noiznahi" eskatu ahalko diete bezeroei dokumentazio hori aurkezteko, "benetakoa dela egiaztatu ahal izateko". Agindu horretan aurreratzen da ostalaritza alorreko arduradunek zigorrak izango dituztela araua bete ezean.
Neurri hori beharrezkoa izango da udalerrian 150 kasuko intzidentzia metatua dagoen bitartean. Egun, Arabako 31 udalerri daude eremu gorrian.
Aurretik EAEko Auzitegi Nagusiak ohartarazi zion Jaurlaritzari ziurtagiri bat erakusteko betebeharrak zenbait oinarrizko eskubideren aurka jotzen zuela, besteak beste biltzeko eta zirkulatzeko askatasunei eraginez. EAEko botere judizialaren erabakia gainditzeko Madrilgo epaileetara jo du Lakuak. Behin Madrilgo epaileen babesa eskuratura, bihartik aurrera martxan jarriko du ziurtagiria erakusteko betebeharra, momentuz soilik gaueko aisialdian eta jatetxe handietan.