Euskararen Eguna

Erlaxatzeko tarterik gabe

Erredakzioa 2021ko abe. 3a, 09:36

Hausnarketa girotzeko festa antolatu zuten Ramon Bajon. / R. B.

Euskararen erabilerari buruzko hausnarketa hasi dute Ramon Bajo ikastetxean; hizkuntza proiektua berritzeko aukera aztertu eta baloratuko dute irakasle, bestelako langile eta gurasoek.

Gero eta gehiago dira Araban euskararen erabilerarekin kezkatuta dauden guraso elkarteak. Ikasleak euren artean gaztelaniaz aritzea eta, are kezkagarriagoa dena, irakasleei ere gaztelaniaz hitz egitea ohiko praktika bilakatu da toki askotan. Kezka hori, baina, guraso elkarteetan ez eze, gela barruraino iritsi da, eta irakasle asko ere irtenbide bila dabiltza. Nabarmendu dutenez, kezka ez da bakarrik guraso euskaldunen haurrak gaztelaniaz aritzea; kezkagarriagoa da agian atzerritik etorritako familietan hazi diren haurrek gaztelania hartzen dutela lehen harremanak finkatzeko hizkuntza moduan. Kalean zein ikastetxeetan euskararen aldeko ekinaldiak asko erlaxatu direla uste dute gurasoek, eta horrelako praktikek kale eta ikaslgelak "guztiz erdaldundu" dituztela.

Atzetik datorren kezka hori buruan, iazko ikasturte bukaeran hasi zen Gasteizko Alde Zaharreko Ramon Bajo eskolako euskara batzordea zerbait egin behar zela pentsatzen. Eskolako estamentu guztien artean euskararen inguruan hausnartzen hasi nahi zuten, ondoren irakurketa partekatu bat izateko esku artean, denak elkarrekin norabide berdinean lanean aritzeko abiapuntu bat. Urrian eman diote hasiera hausnarketa prozesuari, halako antzeko prozesuak egin izan dituzten adituen eskutik. Emun aholkularitza izan da saio guzti hauen bideratzaile, bertako teknikari den Ainhoa Lasak gidatuta. 

Alde batetik, irakasleak elkartu dira saio batean, bestetik eskolako jangelako hezitzaileak eta Goian elkarteko dinamizatzaileak, eta azkenik gurasoak. Gurasoen artean bi talde egin dira; alde batetik euskaraz ari diren gurasoak elkartu dira, eta, bestetik, guraso erdaldunak.

Dinamika berri bat abian jartzeko gogoeta egin dute Ramon Bajon

Hausnarketa saio hauek girotzeko, gainera, festa egun bat antolatu zuten guraso elkartekoek. Euskaraz bizi nahi dugu dion horma-irudi bat marraztu zuen Gasteizko Egoitz Conte graffitigileak ezagunak. Ikasleek bere sormen lanaz gozatu ahal izan zuten, musika, hip hop eta bertso doinuen artean. Iñaki Viñaspre eta Ekaitz Samaniego ere izan ziren arratsalde-pasan, eta eskolako gazteak kantu eta dantzan elkartu ziren.

Bi astez luzatu da hausnarketa prozesua, eta ondorio nagusien zain daude orain. Behin txostena eskuratzen dutenean, etorkizunera begirakoaz hitz egiten hasiko dira.

Norabide berean

Ikasturte hasieran jarriko dituzte mahai gainean ondorioak, baina dagoeneko lehendabiziko saioetatik hainbat gako antzeman ditu Ainhoa Lasak. "Denek norabide berean joateko gogoa dute, haurren erabileran eragiteko gogoa sumatu da garbi, baina ezinak eta aukerak ere ez dira berdinak perfil batetik bestera, eta hori bada gakoa, baliabide desberdinak eskatzen dituelako interbentziorako".   

Aldaketara begira, diskurtsoan, erosotasunaren lanketan eta interbentzio praktiketan lan egin daitekeela uste du Lasak. "Zer eskatuko zenioke besteari?" izan zen lehendabiziko saioan partaideei egindako galderetako bat, eta "elkarri laguntzeko behar bat" sumatu du aholkulariak erantzunetan. "Besteekin sintonian joateko behar bat antzematen da, eta hori asko gustatu zait, aldaketarako gakoa izan daitekeelako".

  Abiapuntuak oso desberdinak dira, eskolan norberak duen rolaz gainera, bakoitzak dituen bizipen eta ibilbide linguistikoaren arabera, eta horretan "lanketa pertsonala" egitea ere garrantzitsua izango dela uste du Lasak. Laster zehaztuko dituzte lan-lerroak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago