Euskararen Eguna

Euskaratik eta euskaraz dator abendua

Erredakzioa 2021ko abe. 2a, 08:00

Euskal Herriko lehenak izan dira Salburuan Euskararen Eguna ospatzen. SARBURU KULTUR ELKARTEA

Dozenaka dira egunotan Arabako bazter guztietan antolatu diren jarduerak: bertso-saioak, hitzaldi musikatuak, antzerki saioak, umeentzako lantegiak, hitzaldiak. Herrialdeko euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren erakusleiho bilakatuko dira, ohi ez bezala, herrialde osoko plazak eta kultura etxeak.

Denbora asko igaro da Eusko Ikaskuntzak abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izendatu zuenetik. Zehazki, 1948an Baionako batzarrean hartutako erabakia izan zen. Alta, oraindik euskarak bultzada handien beharrean segitzen du, eta egunotan hainbat ekitaldi egingo dira herrialde osoan egun hori dela eta. Euskara bizitza sozialeko hizkuntza nagusia bilakatzeko herrialdean beharrezkoa izango da euskaraz ez dakienak euskara ikastea eta dakienak euskaraz hitz egitea. Dakienak edonon, edonorekin eta edonoiz erabiliz; ez dakienak euskara ikasiz; eta erdipurdi dakienak euskara erabiliz, hobetuz. Egunotan kuadrillek, udalek, euskara elkarteek eta norbanakoek antolatu dituzten ekitaldiak eta martxan jarri dituzten ekimenak bide horretan doaz, hain zuzen euskararen zabalkundea eta erabilera laguntzeko bidean. Sikiera egun pare batez euskara protagonista izango da Arabako hainbat txokotan.

Aiaraldean dute egutegirik osatuena, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak abenduaren 4ko ospakizuna bertan behera utzi arren, udalek ere hainbat ekitaldi antolatu baitituzte egun horren bueltan. Gasteizen, berriz, mintzadromoaren esperientzia berreskuratu dute GEU elkarteak eta Oihaneder Euskararen Etxeak, modu dinamiko eta dibertigarri batean euskara praktikatzeko; eta Gorbeialdean,  'Haurren aurrean helduok heldu' ariketa soziala martxan jarri dute, umeentzat erreferente diren helduen artean euskararen erabilera bultzatzeko.

Euskararen makila jaso du Laudio Ikastolak

2016an aurrenekoz ospatu zuten Euskararen Eguna elkarrekin Aiaraldean. Bosgarren urteurrena betetzen den honetan, Luiaondon egin behar zuten jaia bertan behera utzi dute. COVID-19aren pandemiaren bilakaeragatik eta eguraldiaren aurreikuspenengatik hartu dute erabakia. Hala ere, jaia aurrerago egiteko konpromisoa hartu dute antolatzaileek. Halere, udalek zenbait jarduera antolatu dituzte Euskararen Egunarekin batera. Laudion, magia, bertsoak, zinema, musika edo kaleko antzerkia izango dituzte hilaren 3an eta  5ean. Bestalde, asteon jakin da Basalarrina elkarteak euskararen normalizazioan egiten den lana aitortzeko ematen duen makila Laudio Ikastolari egokitu zaiola.

Haurren aurrean euskaraz egiteko deia

"Haurren aurrean helduok heldu" egitasmoaren harira, hainbat ekimen izan dira Gorbeialdea eta Gasteiz kuadrilletan egunotan. Ipuin kontalariak, bigarren eskuko liburu azoka, txokolatadak, mahai-jolasak eta mozorroak izan dira programa horren bueltan; Olarizu auzoan abenduaren 3an egingo dute. "Haurren aurrean helduok heldu", helduon praktikan eragiteko helburu duen ariketa da, bide batez, haurrek esparru formaletatik kanpo euskara entzun dezaten. "Guraso, hezitzaile, lagun helduak, zaintzaile eta umeekin egoten diren bestelako senideek euren arteko –hau da, helduen arteko– hizkuntza-praktikak alda ditzaten eta euskara gehiago erabil dezaten aktibazio ekimena da".

Arabako bertsolariak, herriz herri

Azaroaren 21ean eman zitzaion hasiera, Ozetako udaletxean, Arabako Aldundiaren eta Arabako Bertsozale Elkartearen eskutik "Aerrimatu Arabako bertsolariak herriz herri" izeneko programari. Oholtzako hiru saio dira, lau bertsolari eta gai jartzaile arabarrekin. Haur, gazte nahiz helduek gozatzeko saioak dira, gainera, errimak neurrian sartu eta entzunaz, herritarrak arrimatzeko aitzakia bat. Bigarren saioa Zigoitian egin zuten eta hirugarren eta azken saioa Bastidan izango da, abenduaren 11n. Oihane Perea, Peru Abarrategi, Orlando Arreitunandia eta Unai Bengoetxea arituko dira Idoia Marauriren gidaritzapean. Beraz, urtea amaitu aurretik izango da non entzun arabar bertsolarien aleak eta errimak.

Euskaraz busti nahi dute Añana

Euskararen hamabostaldia antolatu dute Añanako Kuadrillako Euskara Zerbitzuak, udalek eta eskualdeko euskaldunek Euskararen Egunaren harira. Maddi Ane Txoperena Berriako kazetaria, bertsolaria eta idazlea gonbidatu berezia izan dute Gaubeako Eus-Karria irakurtaldean, eta Berantevillan Josune Velez de Mendizabal eta Ane Gebararen Txilin hotsak lanarekin gozatu dute. Abenduaren 3an, berriz, Konpost taldearen kontzertua izango da Zuhatzu Kuartangoko bainuetxean, abenduaren 4an Pou anaiak Sobrongo Uraren Museoan izango dira Aupa Pou liburua aurkezteko, eta igandean Uribarri Gaubeako azoka berezian haurrentzako txalaparta eta zirku lantegiak antolatu dituzte.

Olatz Salvador gertutik ezagutzeko aukera

Olatz Salvador musikaria gertutik ezagutzeko asmoa izanez gero, ez da urrunegi joan beharko. Izan ere, Asparreneko Udalak, Euskaren Egunaren bueltan, elkarrizketa musikatua antolatu du artista donostiarrarekin, udaletxean, 18:00etan. Anekdotak, gertaera xelebreak, bizipenak eta musika tartekatuko ditu Salvadorrek ekitaldian. Gainera Aho uhal bere bakarkako bigarren lanaren hainbat abesti aurkeztuko ditu. Alaia Martin edota Ane Labakaren gisako sortzaileen hitzak musikatuz osatutako abestiak ditu, luxuzko kolaborazioz onduak, besteak beste, Rozalen, La Mare, Ivan Ferreiro edota Idoia Asurmendirekin. Haritz Harreguy estudioan grabatu eta ekoizpenean Pablo Novoaren laguntza izan du.

365 kandela piztuko dituzte hiriburuan

Urtero bezala 365 egunez euskara bizi nahi dutela aldarrikatzeko beste horrenbeste kandela piztuko dituzte gasteiztarrek abenduaren 3an, kandelaz egindako mosaiko erraldoia osatzeko. Geu elkartearen eskutik, gainera, magia, antzerkia eta kalejira izango dira arratsaldean Gasteiz erdiguneko kaleetan egingo den kalejirari esker. Hala, 18:00etan Arka plazatik aterako dira Teantroko lagunekin kalejira animatuan, Posta plazatik eta Plaza Berritik igaro ostean iritsiko dira Andra Maria Zuriaren plazara. Bestalde, Txagorritxu auzoko Zizta euskara taldeak antolatuta 18:00etan mahai-ingurua egingo dute auzoan, 19:00etan Sakatu Katua eta Clockwork Selecter taldeekin pintxada, eta 19:30ean argazki jendetsua.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago