Piszifaktoriaren 'Noiz utziko dio euria egiteari' filma aurkeztuko dute Durangon

Erredakzioa 2021ko abe. 1a, 11:13

Dokumentalaren eta fikzioaren arteko sormen lana da. / Piszifaktoria

Lantaldeko kideak abenduaren 5ean egongo dira Irudienean film esperimentala aurkezten; Mikel Ayllon da gidoilaria eta Igor Arzuagak sortu eta nahastu du musika. 

Piszifaktoria ideien laborategiaren azken proiektua performance zinematografiko bat da, eta Durangoko Azokan estreinatuko dute, igandean, 14:30ean hasiko den saioan.

Noiz utziko dio euria egiteari da dokumentalaren eta fikzioaren artean bizi den sormen-lan honen izenburua. Izen bereko Piszifaktoriaren kaleko ikuskizunean dago oinarrituta, baina artefaktu independentea da, ikus-entzunezkoen lengoaiari egokituta. Film esperimentalak 23 minutuko iraupena dauka.

Kontakizunean 2071 da. Covid-19aren Omega aldaeraren ondorioz, 2021etik 2031ra iraun zuen hamar urteko itxialdi zorrotzaren ondoren, euria egiteari ekin zion, egun bakar batean ere gelditu gabe. Oso bestelako gizarte batean bizi gara orain eta, bidea birkalkulatzen duten GPSen antzera, gure helmugak birkokatzeko unea iritsi da. Zein bideri jarraitu nahi diogu orain? Euria egiteari utziko al dio norabidea aldatzen badugu?

Guillermo Ordas arduratu da zuzendaritza lanak egiteaz. Harekin batera aritu dira Irati Agirreazkuenaga produkzio lanetan, eta Mikel Ayllon gidoilari gisa. Musika, berriz, Igor Arzuagak sortu eta nahastu du. Pantailan Agirreazkuenaga, Ayllon eta Arzuagaren gorputz eta ahotsak ere ikusiko ditugu. Kameren atzean, Betitxe Saitua arduratu da jantziez eta Pablo Ibarluzea aholkularitza artistikoaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago