Foru gobernuaren kontseiluan onartutako gaien inguruan informatzeko agerraldian, azken egunetan lurraldeko egoitza zentroetan erregistratutako datu kezkagarrien berri eman du Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek, kasurik gabeko ia bi hilabeteren ostean.
Lurraldeko egoitzetan bost positibo utzi ditu Covid-19ak, eta, horrekin batera, hogei langile bajan daude, infektatuta egoteagatik edo kontaktu estua izateagatik. Bestalde, Aitona-Etxea egoitza zentroko egoiliar bat hil da; positibo eman zuen arren, "bere bizitza prozesuaren amaieran" zegoela eta "koronabirusa bere heriotzaren arrazoia denik zehaztu ezin dela" azaldu du Gonzalezek.
Aipatutako positiboak hiru zentro pribatuetan atzeman dira: horietako bi Aguraingo egoitzan, beste bi Etxabarri Urtupiñako (Barrundia) Gaztelu egoitzan, eta beste bat Gasteizko Aitona-Etxea egoitzan. Gaztelu zentroko egoiliarretako bat ospitaleratuta dago, "sintoma arinekin eta Covid-19 arekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik"; hala ere, gainerako egoiliarrak asintomatikoak dira.
Diputatu nagusiak ziurtatu du egoiliarrak "inoiz baino baldintza hobeetan" daudela kutsatzea saihesteko, txertaketa pauta osatu dutelako, baina eremu horietan birusa ez sartzeko "beharrezko neurriak" hartzen jarraitu behar dela azpimarratu du. Halaber, azaldu du listu-testak egiten hasteko baliabideak aktibatu direla, adinekoen zein desgaitasunen bat duten pertsonen egoitzetako zuzeneko arretako langileen artean birusa detektatzeko.
Bestalde, zentro publikoetako langileen artean, FPP2 maskarak erabiltzeko derrigortasuna ezarri eta txertoaren hirugarren dosia ematen hasi da.
Azkenik, horren inguruan galdetuta, azaldu du ez dela aldaketarik aurreikusten irteeren eta bisiten erregimenean, eta, oraingoz, "normaltasunez" egiten ari direla. Nolanahi ere, egoitzetako neurriak bilakaera epidemiologikoaren arabera berrikusiko lirateke.