Aernnovak ES-19 hegazkin berriaren egitura diseinatuko du Heart Aerospace konpainiarekin batera. Arabako Parke Teknologikoan egoitza duen enpresak hegalaren, fuselajearen eta egonkortzaileen diseinuan kolaboratuko du.
Hegazkin guztiz berezia izango da, aluminiozkoa, eta erabat elektrikoa. Distantzia laburreko bidaietarako pentsatuta dago. 19 lagun eraman ahal izango ditu, eta gehienez 400 kilometro arteko distantziak egin ahalko ditu, lehen bertsioan bederen. Baterien gaitasuna hobetu ahala, espero dute bidaia luzeagoak egiteko gai izatea. 2026rako aurreikusita dago hegazkina merkaturatzea.
Anders Forslund Heart Aerospace konpainiaren zuzendariak nabarmendu du enpresa arabarrak "ospe bikaina" duela industria aeroespazialean. Haren esanetan, hegazkin berriak eskualde mailako aire bidaiak "berrasmatuko" ditu.
Aernnovako zuzendari Ricardo Chocarrok, berriz, "harro" agertu da hegazkin berriaren eraikuntzan parte hartzeagatik. "Hegazkin elektriko berri honen garapenak aurrerapen handia ekarriko du hegazkingintzaren arloan", ziurtatu du.