Espainiako aurrekontu orokorretan Burgos-Gasteiz-Iruñea-Zaragoza trenbide azpiegitura hobetzeko eta egokitzeko informazio azterlan bat idazteko 200.000 euroko partida bideratu izana "urrats handitzat" jo dute ohiko trenaren alde ari diren plataformek.
Arabako Haranetako eta Lautadako Tren Sozialaren aldeko plataformek agerraldi batean esan dutenez, pertsonen eta salgaien trenbideko garraioaren kudeaketan "logika koherente baterantz aurrera egiteko" bidea ireki dezake azterketa horrek.
Gogora ekarri dute Espainiako Teruel-Zaragoza eta Castejon-Logroño hirien arteko azpiegiturak hobetzeko azterketak egin dituztela aurretik. Horietan ondorioztatu dute prestazio handiko lineak hirietara epe laburrean irits daitezkeela, eta azpiegitura horiek martxan jartzea azkarragoa eta merkeagoa izango dela, orain arte proposatu diren beste proiektuekin alderatuz. Besteak beste, geltokiak eta geralekuak berriz irekitzea lurraldea egituratzeko bidea dela azpimarratu dute, garraioa hobetuz eta trenbide bitartezko salgaien garraioa handituz.
Trena "garraio kolektibo eraginkorrena eta iraunkorrena" dela babestu dute. "Krisi klimatiko larria eta aurre egiten ari garen erronkak kontuan hartuta, trena etorkizuneko garraioa da". Halere, gogora ekarri dute garraio horrek "publikoa eta soziala" izan behar duela.
Deitoratu dute egungo azpiegituren egoera, eta erantsi dute Araban pixkanaka trena "hiltzen" ari dela. "Herrietan geralekuak ixten dira eta gure geltokietan bidaiatzeko trenak eta hauen maiztasunak murrizten dira. Gainera, duela hamarkada batzuetatik ez da funtsezko hobekuntzarik egin trenbidean, beste garraiobide batzuen aldean lehiakortasunak gora egin dezan".
Tren sozialaren aldeko aldarria egiteaz gain, beste behin ere eskatu dute Abiadura Handiko Trenaren obrak bertan behera uzteko.