Iaz, arabar bakoitzeko ia zortzi kilo hondakin gutxiago sortu dira lurraldean. Hala jakinarazi du Josean Galera Ingurumen Saileko diputatuak Hondakinen Behatokiaren datuak aipatuta: "Esanguratsua da, eta oso kontzientziatuta eta sentsibilizatuta dauden herritarren konpromisoa erakusten du, baina ez gara lasaitu behar, asko dagoelako egiteko; oraindik ez ditugu lortu Europak ezarritako helburuak".
Bilakaera positibo horrek azken urteotako joerari eusten dio; izan ere, biztanle eta urte bakoitzeko hondakinen sorrerak behera egin du pixkanaka. Esate baterako, 2010. urtean biztanleko batez beste 465 kilo hondakin sortu zen, eta 2020an, aldiz, 400,95 kilo. Alderaketa horrek erakusten du %16,2ko hobekuntza izan dela.
Covid-19aren pandemiaren ondorioz, hondakin moten portaera gorabeheratsua izan da. Errefusean, hau da, edukiontzi grisera botatzen den guztian, zifra hobeak lortu dira, eta joera sendotu da: urtean biztanleko 259,5kg jaso dira; 2010ean, aldiz, 354,4 kg. Datu positibo horrek adierazten du, batetik, gaikako bilketa behar bezala egin dela eta, bestetik, hondakin gutxiago sortu dela. Paperari dagokionez (edukiontzi urdina), birziklatze tasa %68koa da eta Europaren helburua gainditzen du. Beira hondakinetan (edukiontzi berdea) azken urteetako joera positiboari eutsi zaio, eta birziklatze tasa % 87 ingurukoa da.