EGURALDIA

Asteburuan elurra omen dator

Erredakzioa 2021ko aza. 26a, 07:27

Zuritutako paisaia, artxiboko irudi batean. ALEA

Abisu horia ezarri du Euskalmetek, elur arriskua dela eta. 400 metroren bueltan zurituko duela iragarri dute. 

Zerua oso hodeitsuak eta euria izango ditugu gaur. Ipar osagaiko haize ahul-bizia egongo da, eta arratsalde partean zakartuko dela iragarri du Euskalmetek. Elur kota 1.000 metroren langan mantenduko da momentuz, eta izotza egin dezake, altitude nahikoa duten lekuetan. Gasteizen, 3 eta 7 gradu arteko tenperaturak espero dira.

Larunbatean egoera are gehiago okertuko da. Euskal Herriko kantauriar isurialdean abisu horia eman dute, prezipitazio iraunkorrak direla eta. Arabaren kasuan, abisu horia ezarri dute ere, kasu honetan, elurragatik. Goizaldean 800-900 metrotan egongo da elur kota, baina 400 metrotara jaitsi daitekeelakoan dago meteorologia agentzia.

Igandean, elur kota 500 eta 600 metro artean mantenduko da, baina pixkanaka igotzen joango da. Gainerakoan, zeru estaliak, prezipitazio txikiekin. Haizeak nahiko zakar joko du, iparraldetik. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago