Gazte Talent lehiaketak aurtengo sei finalistak aukeratu ditu

Erredakzioa 2021ko aza. 25a, 14:10

Deserrite, Emmanuele, Intxixu, Lola Oiarzabal, Lehia eta Tilda. / JIMMY JAZZ

Lehia, Intxixu, Tilda, Deserrite, Emannuele eta Lola Oiarzabal dira Gazte Talent lehiaketaren zazpigarren edizioko finalistak. Abenduaren 6an eta 7an jendaurrean aurkeztuko dituzte beren lanak, Jimmy Jazz aretoan.

Pandemiaren unerik latzenak atzean utzi eta zuzeneko kontzertuak zutik gozatzera itzuli gara. Testuinguru horretan, Jimmy Jazz elkarteak urtero antolatzen duen Gazte Talent lehiaketak zazpigarren edizioa ospatuko du 2021ean, Laboral Kutxa, Arabako Foru Aldundia, Araba Euskaraz eta Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuaren laguntzarekin.

Azken asteetan, urriaren 20tik azaroaren 16ra bitartean, Arabako Lurralde Historikoan eta Trebiñuko Konderrian bizi, ikasi edo lan egiten duten 14 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izan dute lehiaketan. Beren lanak eta aurkeztu ostean, abenduaren 6 eta 7ko finaletara joango diren sei musikari edo taldeak aukeratu ditu hautaketa batzordeak.

Urtero bezala, adinaren arabera bi kategoria daude. Gazte Talent saria, 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzat: Deserrite, Emannuele eta Lola Oiarzabal; eta Gazte Talent Laboral Kutxa saria, 25 eta 35 urte bitartekoentzat: Lehia, Intxixu eta Tilda.

Sariak

Talde finalista guztiek 200 euroko saria jasoko dute finalean parte hartzeagatik. Horrez gain, honako hauek izango dira aurtengo sari nagusiak:

  • Gazte Talent kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
  • Gazte Talent Laboral Kutxa kategoriako irabazleak 1.000 euro eskuratuko ditu.
  • Accesita euskarazko talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Araba Euskaraz jaialdian jotzeko aukera. Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.
  • Accesita emakumeak tartean dituen talde edo bakarlari onenarentzat: 500 euroko zuzkidura sari moduan eta Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietan antolatutako kontzertuetan jotzeko aukera (Falerina Lorategian). Talderik onena hautatuko da lehiaketako bi kategorien artean.

Azkenik, epaimahaiak abenduan ezagutaraziko du bere erabakia, finalen ostean. Gainera, sailkatutako talde guztiek beren kontzertuaren kalitate handiko grabazioa jasoko dute

FINALISTAK

Abenduak 6, astelehena

Gazte Talent saria - 14 eta 24 urte bitarteko gazteentzat

Deserrite

Deserrite taldea Altsasu eta Urdiainetik sortutako Buruda bailarako hard-rock taldea da. Gasteizen ikasten dute eta euskaraz sortzen dituzte abestiak. Deserrite izena Larramendiren Hiztegi Hirukoitzetik hartuta dago, eta gaur egungo "erbesteratuak" bezala itzuliko litzateke, rock and roll-a gaur egun erbesteratu modura ikusten dutelako gazte hauek.


Emannuele

Emannuele Sierra Leonan jaiotako 17 urteko gaztea da, Gasteizen bizi da eta bizitza osoan gustatu zaio abestea, batez ere rap eta reggaea. Urte asko daramatza letrak sortzen, abestiak ekoizten eta bideoak editatzen.


Lola Oiarzabal

Lola Oiarzabal 18 urteko abeslari gasteiztarra duela urte batzuk hasi zen konposatzen, eta oso eroso sentitzen da indie pop estiloan. Maverick Keys taldeko kidea da, eta aurten bakarkako ibilbideari ekiteko urratsa egin du, taldearekin jarraitzeaz gain. Bere lehen EPa argitaratu berri du, Barrutik izenekoa.

Abenduak 7, asteartea

Gazte Talent Laboral Kutxa saria - 25 eta 35 urte bitarteko gazteentzat

Lehia

Lehia Gasteizko lau gaztek osatutako rock taldea da, 2020ko udan jaiotako proiektua. Hasieran hiru kideko taldea zen, baina aurten baxujolea gehitu dute taldera, eta haien lehen hiru abestiak grabatu dituzte.


Intxixu

Intxixu Euskal Pagan Folk garaikidearen talde berria da. Lau urtez egon dira kalejirak eta kontzertuak ematen lau gasteiztar hauek. Mari jainkosari abesten diote, eta alboka, gitarra eta perkusio potenteen bibrazioekin dantzatzeko eta oihukatzeko gogoa pizten dute jendartean.


Tilda

Gasteizko musika eszenan, euskarazko eta gaztelaniazko rock progresibo proposamen alternatibo batekin aurkezten da. Musika esperientzia handia duten bost musikarik, musika estilo desberdinetatik datozenak, bat egin dute proiektu honetan, ideia berriekin eta inor axolagabe utzi gabe.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago