Aurten Mazoka marrazki azoka online egingo dute mazoka.org webgunearen bitartez, baina ilustrazioaren bueltan ekimen osagarriez betetako egitaraua prestatu dute antolatzaileek. Gaur goizean aurkeztu dituzte, Gasteizen.
Online salmenta ostiralean irekiko dute, hilabete batez. VII. edizio honetako ekitaldi osagarrien artean, nabarmenetakoa erakusketa bat izango da. Abenduaren 3an irekiko dute 40 mazokalariren lanak biltzen dituen erakusketa, Montehermoso Kulturunean, eta baita lan horiek jasotzen dituen katalogoa ere. Haritik zintzilik izena eman diote erakusketari. Izan ere, aurten "paper formatu hutsetik" aldendu eta zintzilikatutako ehunez osatutako baso bat sortuko dute aretoan. Erakusketa abenduaren 26ra arte mantenduko dute. "Bertaratzen den pertsonek lan bakoitzaren historian zeharreko bidaia bat egin ahalko dute", aurreratu dute antolatzaileek.
Abenduaren 5ean 2021eko edizioan egongo diren sortzaileekin aurkezpen bat egingo dute. Abenduaren 17an, 18an eta 19an, berriz, hainbat ekitaldi osagarri egingo dituzte. Tartean, bisita gidatuak, auzotasunaren gaineko tailerra, eta bi argitalpenen aurkezpena: euskal emakume marrazkigileei egindako elkarrizketak biltzen dituen Dibujo desde que tengo Memoria liburua eta Tupust euskarazko komikia. Askoa Etxebarrieta La Pulga-ren ikuskizunarekin bukatuko dute asteburu horretako egitaraua.