Erronka handiak kontzejuentzat

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko aza. 24a, 16:03

Astearen amaieran jakingo dira administrazio-batzarretako ordezkari berrien izen-abizenak. AKE

Ohi bezala, herri txikietan handietan baino parte-hartze handiagoa izan da kontzejuetako hauteskundeetan. Biztanle berrien inplikazioa, emakumeena eta gazteena bilatu beharko dute kargu berriek.

Arabako –Trebiñu salbu– 333 administrazio-batzarretan, 10.000 kargu baino gehiago aukeratu dituzte datozen lau urteetarako. Herrien oinarrizko zerbitzuak bere gain hartuko dituzte hautatutako ordezkariek: erabilera publikoko instalazioen eraikuntza, kontserbazioa eta konponketa; ondarearen eta mendien zaintza eta mantentzea; edo uraren eta energiaren kudeaketa, besteak beste. Lan mardula dute aurretik herrietako agintari xumeenek.

Joseba Terreros Arabako Kontzejuen Elkarteko (AKE) lehendakariak hala uste du bederen, eta igandean egin diren hauteskundeak "normaltasunez" joan direla nabarmendu du: "Oraindik ez dugu datu zehatzik, hautatuen zerrendak eta ehunekoak astearen amaieran jasoko ditugu, baina eguna normaltasunez joan da, ezbeharrik gabe". Hauteskunde hauetarako 50 herrik baino ez dituzte hautagaitzak aurkeztu – gainerako ordezkariak herrietan erroldatuta dauden pertsonen artean aukeratu dira–, eta horrenbestez behin-behinekoak izango dira astearen amaieran emango diren izen-abizenak, hautatuek karguari uko egiteko aukera dutelako kontzejuaren lehenbiziko batzarrean.

Partaidetzaren gakoak

Partaidetzaren aldetik, AKEko lehendakariak esan du alde handia egon dela herri handietan eta txikietan. "Datu zehatzik oraindik ez ditugu, baina esan dezakegu herri txikietan %80etik gorako partaidetza egon dela, eta aldiz, Langraiz Okan, Luiaondon, Arespalditzan edo Legution, herri handietan, askoz partaidetza txikiagoa izan dute, %30 ingurukoa". Ezberdintasun horren atzean faktore askotarikoak baldin badaude ere, Terrerosek azpimarratu du herri handietara biztanle berriak iritsi direla, "eta agian ez dakite zer diren kontzejuak edo paso egiten dute; ez dakigu zein den arrazoi zehatza baina azkenean hori hauteskunde guztietan ikusi dugu".

Emakumeen parte-hartzearen aldetik, AKEko lehendakaria baikor azaldu da, bere eskualdearen datuei erreparatuta. "Behin-behineko datuen arabera, Aiaraldean, lehendakarien %40 emakumeak dira eta emakumezkoak egongo dira gainera administrazio-batzarren %80an". Arabako Mendialdean, aldiz, emakumeen parte-hartzea jaitsi egin da, eta 39 kontzejuetatik 3tan baino ez dira emakumeak izango lehendakari.

"Osasuntsu daude kontzejuak; elkartetik zaindu behar ditugu" -Joseba Terreros, AKEko lehendakaria–

Hortaz, beste gai batzuen artean, emakumezkoen parte-hartzean sakondu beharko dute Arabako kontzejuek hurrengo lau urteetan. "Erronka batzuk ditugu: digitalizazioan atzeratuta gaude eta aurrera egin behar da; emakumeen partaidetzan ere sakondu egin behar dugu; eta beste kolektibo garrantzitsu bat jende gaztea da, horiek kontzejuetara erakartzeko lan egin behar da", esan du Terrerosek.

Halaber, egunerokoan administrazio nagusien "bizitasun" handiagoa behar dela iritzi dio AKEko lehendakariak, herrien beharrak eta administrazioaren erantzunak koordinatzeko. "Nire ustez osasuntsu daude kontzejuak, eta elkartetik ere zaindu behar ditugu hautagai berriak, eta lan egiteko babesa eman. Pandemia gainditzea ere inportantea izango da, pandemiak dena gelditu du eta normaltasuna berreskuratzea inportantea izango da".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago