'Itzulera' erakusketarekin bueltatu da Jon Landa

Erredakzioa 2021ko aza. 23a, 14:18
Vital Fundazioaren aretoan ikus daiteke erakusketa. / Jon Landa

Hogei bat lan ikusi ahal izango dira, oihal gaineko olioen formatu handitik hasi eta arkatzez eta boligrafoz egindako marrazki txikietaraino

Hamabost urtez kanpoan izan ondoren, Itzulera erakusketarekin bueltatu da Jon landa margolari gasteiztarra. Vital Fundazioa erakusketa zentroan paratu dute hogei bat lan biltzen dituen erakusketa; oihal gaineko olioen formatu handitik hasi eta arkatzez eta boligrafoz egindako marrazki txikietaraino. Abenduaren 11ra arte izango da.

Jon Landa margolari figuratiboa da, eta bere interes nagusia inguruarekiko harremanetan, argian, adierazkortasunean eta emozioetan dago. Bere pinturak edertasunez betetako egoerak eta uneak islatzen ditu, argi biziz blaituak eta dentsitatez eta sakoneraz betetako mihiseetan islatzen diren atmosferak sortuz. Kolore dardartia, materiaren erabilera ausarta, konposizio landua eta oso marrazki zehatza ditu, eta freskotasunez, berotasunez eta sentiberatasunez betetako errealitate berri batera garamatza bere lanak, bere webgunean deskribatu duenez.

Landa kanpoan izan den bitartean, 40 bakarkako erakusketarekin eta ehundik gora erakusketa kolektiborekin osatu da bere curriculuma. Bere lana Parisen, Singapurren, Holandan, Taiwanen, Hong-Kongen, Belgikan, Malaysian eta Suedian egon da ikusgai. Estatuan, Madrilen, Bartzelonan eta beste hiriburu askotan egin ditu erakusketak. Gainera, bere lanak 60 lehiaketa baino gehiago irabazi ditu, eta bere lanak Europako eta AEBetako bilduma publiko, udal-bilduma eta bilduma pribatuetan aurki daitezke. Duela gutxi, XL Artea formatu handiko artelanak egin ditu Aguraingo eta Donostiako hormetan, eta Kexaako Ametsen Hariztian hartu du parte.

Bere pinturaren funtsa argia, kolorea, konposizioa, gaur egungo baliabide piktorikoak eta inprobisazioa dira, eta horiekin batera egiten du bidea mihise zuritik hasi eta lehen begiradan itxura fotografikoa duen figurazio bateraino, eta ia abstrakzioa behaketa gogoetatsuago batean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide