Igande honetan, azaroaren 28an, Go!azen elkarrekin! Munduko gazteak batera pandemiari aurre egiten izenburupean, Gasteiz konexioan sentsibilizazio-jardunaldiaren seigarren edizioa egingo dute. Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundeak antolatuta, gure lurraldearen eta urrutiko beste batzuen arteko konexioak erakustea du helburu.
"Konexio horien eraginez, gure ekintzak, jokaerak eta kontsumo-ohiturek ondorioak dituzte gure ingurunetik harago. Dena lotuta dago mundu globalizatu honetan: arropa, janaria, energia, klima-aldaketa, osasuna, hezkuntza, pobrezia, aberastasuna, desberdinkeriak, eskubideak, aukerak...", adierazi dute. Urrutira joan gabe, egungo osasun-krisia planetako konexio horien beste adibide bat dela gogoratu dute; izan ere, pandemia global bat ari gara bizitzen, mundu osoari eragiten diona. "Hori bai, eremu geografikoen, klase sozialen eta pandemiari aurre egiteko bitartekoen arabera, adibidez, oso modu desberdinean bizi da", azpimarratu dute.
Adierazi dutenez, gazteek gogor jasan dituzte pandemiaren ondorioak hezkuntza, aisia, sozializazioa eta antzeko arloetan; baina, rol garrantzitsua ere izan dute, eta antolatu diren ekintza solidarioetan parte-hartze aktiboa izan dute. Horregatik, Lorea Intxausti eta Xanti Korkostegi aktoreekin batera (June eta Igor ETBko Go!azen telesailean) omenaldia egin nahi diete gazteei, eta ezagutu nahi dute nola bizi duten aldi hau eta zein diren euren kezkak, ikuspegia eta gertatzen denaren interpretazioa, baita mahaiaren gainean jartzen dituzten proposamenak ere. "Horretarako, Gasteizko eta munduko hainbat tokitako gazteek bat egingo dute Go!azen-ekin, musikaren, dantzaren, bideoen, umorearen, sorpresen eta testigantzen bidez igande-arratsalde dibertigarria pasatzeko", adierazi dute.
Zehazki, Gasteizko Haur eta Nerabeen Elkarguneko gazteek hartuko dute parte. Udal-espazio horretan haurrek gai interesgarriei buruzko proposamenak partekatzen dituzte, eta adierazten dute zer iruditzen zaien garrantzitsua eta beharrezkoa hiriarentzat, betiere parte-hartzetik abiatuta eta hiriko elementu aktibo eta arduratsu gisa. "Haiekin jakingo dugu nola antolatu diren pandemia honetan, baita euren beharrak zein diren ere", aurreratu dute.
Itaka-Escolapios kolektiboko gazteek ere parte hartuko dute. Gasteizko kolektibo horrek balioetan oinarritutako hezkuntza sustatzen du, besteak beste, denbora librean, elkartasunean, kulturartekotasunean eta errespetuan. Gainera, Togo, Gabon, Kolonbia eta Indiako gazteek ere parte hartuko dute; herrialde horietan Arabako garapenerako GKE-ek garapenerako lankidetza-proiektuak lantzen dituzte hainbat arlotan. "Haiekin ikuspegiak zabalduko ditugu eta euren ikuspuntuak, kezkak eta proposamenak ezagutuko ditugu", gehitu dute.
Ikigai Dance Studio taldeko gazteen emanaldiek igande-arratsaldea animatuko dute. Hiri-dantzako eskola bat da, eta bertako gazteek laguntasuna, diziplina eta antzeko balioak ikasten dituzte dantzaren bidez. Saiorako sarrera librea eta doakoa da, edukiera bete arte. Dena dela, gomendatzen da aldez aurretik lekua ziurtatzea www.ongdeuskadi.org webgunean. Gainera, Lorea eta Xantik hainbat sorpresa prestatu dituzte jardueran parte hartuko duten lagunekin; beraz, horietan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute aurreko estekan, une dibertigarri horien protagonistak izango diren pertsonak hautatzeko zozketan parte hartu ahal izateko.
Jardunaldi honen seigarren edizioa azaroaren 28an, igandean, izango da, 18:00etan, Gasteizko Europa biltzar jauregian. Aurrez aurreko ekimena izan ez ezik, internet bidez ere jarraitu ahal izango da zuzenean Euskadiko Garapenerako GKE-en Koordinakundearen YouTubeko kanalean.