Ongi Etorri Errefuxiatuak Arabak elkarretaratzea egin du igande honetan, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, Polonia eta Bielorrusia arteko mugan milaka lagunek bizi duten egoera salatzeko. "Basakeria da. Egoera horrek ez du alde handirik joan den mendean nazismoak erabilitako metodoekin".
Europa milaka migratzaile-errefuxiaturen bizitzak eta ametsak "merkantilizatzen" ari dela, eta lagun horiek "arma gisa erabiltzen" ari direla salatu dute elkarretaratzean. "Mugak hirugarren herrialdeetara kanporatzen ari dira, giza eskubideak errespetatzen ez dituzten tokietara, hala nola Turkia, Maroko, Libia...".
Gainera, kanporatutako lagunek "gero eta igarobide arriskutsuagoak" egin behar dituztela gogoratu dute, eta asko hil egiten direla bide horietan. "Eta beste askok ikusten ez den indarkeria jasaten dute, haurrak eta emakumeak kasu. Europara iritsitakoan, gainera, eskubiderik ezari, politika arrazistei, jazarpenei, esplotazioari, kriminalizazioari egin behar dietela aurre".
Bidasoan hildakoa
Ildo beretik, Irun eta Hendaia arteko muga ere gogoratu dute, Bidasoa ibaian jazotako azken heriotza salatzeko, orain arte ezagutzen den laugarrena. "Irungo Harrera Sareak behin eta berriz salatu duen bezala, gure erakundeak (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Irungo Udala) pertsona horien bizitzekin jolasten ari dira".