El Correo egunkariak argitaratu duenez, asteburu honetan, Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak behin behineko espetxealdia ezarri die 38 eta 31 urteko bi gizonezkori, adingabe bati sexu abusuak egitea egotzita.
Kasua joan den ostiralean atera zen argitara, biktima bera eta bere ama Forondako Atea kaleko ertzain-etxera joan zirenean. Amaren egungo bikotekidearen aurkako salaketa jarri zuten, adingabeari sexu erasoa egiteagatik.
Salaketa hainbat ordu lehenagoko gertakari batek eragin bazuen ere, Ertzaintzaren ustez, sexu erasoak "hainbat hilabetetan zehar" luzatu dira, eta, Aguraingo zein Gasteizko etxebizitza desberdinetan gertatu badira ere, bi helduak —aita eta osaba— koordinatu izan dira.
Biktimaren testigantza jaso ondoren, Ertzaintzak protokolo berezia aktibatu zuen. Lehenik, Txagorritxu ospitalera eraman zuten, azterketa medikoa egiteko; ondoren, epaitegiko mediku batek elkarrizketatu zuen; eta, azkenik, bildutako frogak kontuan hartuta, ustezko bi erasotzaileak atxilotu zituzten.
Biek ala biek egotzitako karguak ukatu zituzten, eta gaua ertzain-etxean batean igaro ondoren, guardiako epaitegiaren esku utzi zituzten igande goizean. 13:30ak pasata, Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiak bi gizonezkoak Arabako kartzelan behin-behinean espetxeratzea agindu zuen, besteak beste, ihes egiteko arriskua dagoela uste duelako; bertan izango dira datozen asteetan, gertatutakoaren xehetasun guztiak ikertzen diren bitartean.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.