Trenaren lurperatzearen inguruan "gardentasuna" eskatu dute

Erredakzioa 2021ko aza. 19a, 10:58

Gasteizko tren geltokia, artxiboko irudi batean. ALEA

Gasteiz Batu plataformak gaiaren bueltan bi batzar informatibo egingo ditu asteartean, Zabalganean eta Salburuan.  

Gasteizko eta Arrazua-Ubarrundiako landa eremuko bizilagunek osatutako Gasteiz Batu plataformak trenaren lurperatzeari buruz "gardentasunez" informatzeko bi batzar informatibo deitu ditu. Gaiaren bueltan hedabideetan informazio desberdin asko agertzen ari direla azpimarratu dute batzar horietarako deialdian, "askotan ez oso argiak". Proiektuan inplikatutako instituzioen aldetik ere gardentasun falta dagoela uste dute.  

Biak ala biak datorren asteko asteartean egingo dituzte. Bata Zabalganeko Gizarte Etxean izango da, 18:30ean. Salburuko Gizarte Etxean egingo dute bestea, 19:00etan. 

"Interesa duten pertsonak bi tokietako edozeinetara hurbildu daitezke informazioa jasotzeko, iritzia emateko, eztabaidatzeko edo parte hartzeko", erantsi dute. "Gogorarazi nahi dugu ez dela auzo eta herri jakin batzuei eragiten dien proiektu bat, baizik eta hiri eta lurralde-antolamendu eredu bat, guztioi eragiten diguna, bai ekonomikoki, bai ingurumenean, bai pertsonen osasunean".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago