MIKEL PEÑAGARIKANO

"Kriptomonetekin diru asko irabazi daiteke; baita galdu ere"

Juanma Gallego 2021ko aza. 20a, 08:00

Lakuako liburutegian eman zuen hitzaldia adituak, interes handia piztuz. GASTEIZKO UDALA

Kriptomonetei buruz gero eta gehiago hitz egiten da, baina askotan zaila da ulertzea horien atzean zer dagoen. EHUko adituak horien funtzionamendua azaldu du, eta baita dauden aukerak eta arriskuak ere. 

EHUko Blockchain Teknologia eta Kriptoekonomia masterra koordinatzen du Mikel Peñagarikano fisikariak (Zumarraga, 1973), eta ondo ezagutzen du askotan zalantzen eremuan egon ohi den gaia. Horren gaineko ezagutza zabaltzeko, hilaren 9an hitzaldia eman zuen Gasteizen.

Gai konplexua da hau. Hortaz, hobe hasieratik hastea. Zer dira ba kriptomonetak?

Ez dago guztiz adostua, baina kriptografia eta blockchain teknologiaren inguruan sortu diren moneta berriei horrela deitzen diegu. Lehenengoa bitcoina izan zen. Berez, kontrol zentralik gabeko moneta bat da bitcoina. Beste kriptomoneta guztiei buruz hitz egitea zailagoa da, merkatua nahiko zabala delako. Gainera, askotan nahasten dira kriptomonetak eta aktiboak, asset deritzanak. Orotara, 13.000 aktibo baino gehiago daude, eta guztiei buruz hitz egitea ezinezkoa da. Kriptomoneten kasuan, ehunka batzuk egongo dira.

Nondik sortu zen bitcoina?

2009. urtean jaio zen, Cypherpunk izeneko talde baten eskutik. Diru digital deszentralizatua sortu nahi zuten. Gero, teknologia horretan oinarrituz, beste moneta eta plataforma batzuk sortu ziren. Orain, aktibo asko sortzen ari dira, plataforma horietako baten gainean. 

Ekonomiari lotuta horiek ere?

Aktibo horiek balio ekonomikoren bat izan dezakete, baina ezin dira haien kabuz bizi. Beste plataforma baten gainean bizi behar dira. Ethereum da horietako plataforma bat: aukera ematen du token deritzanak sortzeko. Berez, edozeinek sor lezake token berri bat, eta norberak kudeatu dezake. Horregatik ezin dira kontsideratu hasierako kriptomoneten antzekoak, guztiz zentralizatuak direlako. Pertsonaren batek sortzen du, eta horren gaineko kontrola du. Bitcoinaren kasuan, berriz, kudeaketa hori guztiz deszentralizatuta dago. 

Ea, guk ALEAn kriptomoneta bat sor genezake? "Aizu, kamiseta eder honek 10 ale balio du?"

Hala da, bai…

Hortaz, gainerako diru fiduziarioan bezala, dena konfiantzan oinarritzen da?

Bai eta ez. Token, asset edo moneta hori gero eta zentralizatuagoa egonda, orduan eta konfiantza handiagoa izango duzu. Gero eta deszentralizatuago egonda, orduan konfiantza gutxiago izango duzu. Bitcoinaren kasuan, esan genezake konfiantza gehiena matematiketan dagoela.

Eta honek eramaten gaitu blockchain teknologiara. Zertan oinarritzen da?

Bitcoinarekin batera sortu zen. Ezaugarri kriptografikoan dituzten blokeak kateatzen ditu. Aldatzeko ezintasunari lotuta dago: nolabait azaltzeko, ezkutuan aldatu ezin daitekeen egitura bat izango litzateke. Teknologia honen kasuan, garrantzitsua da deszentralizazioa, sare osoak bermatzen duelako kontrola.

Askotan esaten da sare horren kontrola edukitzeko ezinbestekoa dela sarearen erdia baino gehiago kontrolatzea. Hala da?

Ehunka kriptomoneta daude, eta bakoitzak baditu bere berezitasunak. Baina, orokorrean, sareek izan behar dute nolabaiteko adostasun algoritmo bat. Adostasun hori modu desberdinetan lortu daiteke. Bitcoinaren kasuan, protokoloaren berezko adostasuna lan kargan oinarrituta dago, proof of work izenekoa egiten da. Hortaz, sare horretan dagoen konputazio gaitasunaren erdia baino gehiago zure esku egon beharko litzateke adostasunaren gaineko kontrola izateko. Horregatik da hain ezaguna bitcoinaren meatzaritza. Sarean badira aktore batzuk etengabean kalkuluak egiten ari direnak. Konputazio horrekin egindako kalkuluen gehiengoak ebatziko du sarean benetan zer gertatu den eta zer ez den gertatu. Izan ere, deszentralizatuak egonda, kriptomonetek duten arazoa da zer gertatu den adostuta izan behar dutela. Txanpon bat gastatu ote den eta, hala izatekotan, zertan gastatu den. Bestela, diru kopuru bat aldiz gastatu zenezake. Adostasunak ezartzen du transakzio horien guztien ordena kronologikoa zein izan den, ohiko bankuetan bezala. Erakunde zentralizatuetan, arazo hori ez dago, zentralak erabakitzen duelako hori.

Blockchain teknologiak bestelako aukerak irekitzen ditu: sinadura digitalak ziurtatzea, adibidez. Baina gaur egun, ezin daiteke telematikoki bozkatu. Zergatik?

Arlo horretan muga teknologiko nabarmenak daude oraindik. Bozketa batean beharrezkoa da botoen identifikazioa egin ahal izatea, baina identitateetara iritsi gabe, eta dirudiena baino konplexuagoa da hori.

Burbuila bat al da hau? Zer arrisku egon daitezke?

Tira, zerbaitek gora egin badezake, hori izango da arrisku bat dagoelako. Bestela, jende guztia egongo zen horretan sartua. Arriskua non-nahi dago. Aberasteko gero eta boleto gehiago izan, orduan eta handiagoak izango dira arriskuak. 13.000 asset egonda, halako batzuetan aberasteko aukera dago? Bai, loteriara jokatzean ere aberasteko aukera dagoen modu berean; baina ez dut uste inork loterian inbertituko duenik. Egiazki kasino baten modukoa da hau: dirua irabazten duen entitate bakarra da kasinoa. Kriptomonetetan, kanbio-etxeak dira beti irabazten duten bakarrak. Gainerakoan, bada jendea aberastu dena, dirua irabazi duena, dirua galdu duena eta baita diru asko galdu duena ere.

Nola doa EHUn gaiari buruz koordinatzen duzun masterra?

Bigarren urtea aurtengoa, eta nahiko harrera ona izan du. Gaur egun master asko daude, eta zaila da jendea erakartzea. Normala denez, ikasleek lan aukerei buruz galdetzen dute.Tira, pixkanaka gure artean enpresak sortzen ari diren arren, gehienak Madril eta Bartzelonan biltzen dira. Baina hemen sektorea ere haztea espero izatekoa da, eta hori gertatzen denerako, jende prestatua beharko dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago