Gorrek interprete gehiago eskatu dizkiote Urkulluri

Erredakzioa 2021eko azaroaren 17a

Arabako Gorrak elkarteko kideak Lehendakaritzan egon ziren atzo. IREKIA

Lehendakaritzan egindako bilera batean, pertsona gorren bizitza hobetzeko proposamen zehatzak egin zizkioten lehendakariari.

Arabako Gorrak elkarteko ordezkariek zeinu hizkuntzan interprete gehiago izatea eskatu zioten atzo Iñigo Urkullu lehendakariari. Ez zen eskaera bakarra izan: gorrek mahai gainean jarritako gaietako batzuk osasun larrialdiari lotuta daude. Hala, euskal osasun sisteman interpreteak eskura izateko beharra helarazi diote Urkulluri. Osakidetzan ez ezik, arazoa zabalagoa da, elkarteko kideek Arabako ALEAri gogorarazi diotenez. Izan ere, jendea maskararekin hizketan ari denean, gorrek ezpainak irakurtzeko duten gaitasuna ezerezean geratzen da, pertsona hauen komunikazio gaitasuna murriztuz.

Osakidetzan ez ezik, oro har, zerbitzu publikoetan une oro interpreteak eskura izateko beharra nabarmendu dute, "baita asteburuetan ere". Norabide berdinean, Euskal Telebistan zeinu hizkuntzara itzulitako eduki gehiago egoteko eskatu dute.

Zahar etxeetan dauden egoiliar gorrei ere erreparatu diete bileran. "Saiatu behar da horiek batzen zahar etxe bakar batean, haien artean hartu-emana edukitzeko aukera izan dezaten", azpimarratu dute.

Arabako Gorrak elkarteak datorren larunbatean hasiko ditu erakundearen 50. urteurrenaren hasierako ekitaldiak, Gasteizko Europa biltzar etxean. Egingo duten ekitaldia nahi duen pertsona orori irekita egongo da, edukiera bete arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago