Hiru egun baino ez dira falta Elikagaien Arabako Bankuak eta Vital Fundazioak elkarlanean antolatutako Bilketa Kanpaina Handiaren bederatzigarren ediziorako.
Aurten, ekarpenak egiteko bi aukera izango dituzte lagundu nahi dutenek: azaroaren 19tik 25era bitartean, produktuengatik trukatzeko bonu bihurgarriak erosi ahal izango dira Gasteizko eta Arabako 80 supermerkatutan, kutxatik pasatzean; bestela, hiru aukera izango dira dohaintzak egiteko —ekarpen horiek hobari fiskala izango dute 2021eko errentaren aitorpenean, beraz, ziurtagiria egingo da—:
- Bizum bitartez: 00025 kodea
- Txartela bidez: https://bancoalimentosaraba.org/donaciones-web
- Transferentzia bidez: ES58 2095 3153 6191 1448 4071 (Kutxabank)
Izan ere, pandemiaren ondorioz, aurrez aurreko donazioak baztertu eta emaileen eta boluntarioen arteko harremana murriztea erabaki dute antolatzaileek, horrela ez baitira elikagaiak manipulatuko, ezta sailkatuko ere. Gainera, Covid-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioz, bizi diren pobrezia egoeren inguruan herritarrak sentsibilizatzeko eta mobilizatzeko baliatuko dute kanpaina, urte osoan zehar Elikagaien Bankuei laguntzeko dei eginez.
Supermerkatuko kutxetan kupoien bidez laguntzeko eredua mantenduko da, euro bateko donazioetatik hasi eta nahi den kopururaino. Horien bitartez jasotako ekarpenak iraupen luzeko elikagaiak erosteko eta beste dohaintza batzuetatik —enpresak, Elikagaien Bankuen Federazioa eta abar— datozen ohiko hornidurak osatzeko erabiliko dira. Gainera, eredu horrek izakinak osatzeko eta ohiko banaketa produktuen kalitatea nabarmen hobetzeko aukera ematen du. Nolanahi ere, Elikagaien Bankuak ez du eskudirutan jasoko bildutako dirua; funts bat osatuko du, urtean zehar beharrezkoak diren produktuak eskuratzen joateko.
Kanpainaren helburu nagusietako bat izango da bi urtetik beherako haurren oinarrizko elikadura eta higiene beharrak %100ean asetzea. Horretarako, 175.000 pixoihal, 20.160 fruta-pote eta 1.000 gaileta eta zereal pakete banatu nahi dituzte —orotara, 80.000 euro inguru—, baita 7.500 kilo haragi proteina —oilaskoa— eta 1.200 kilo fruitu lehor ere.