Abenduaren 18an izango da GOFEren EPEaren lehen ariketa, Europa Jauregian

Erredakzioa 2021ko aza. 16a, 08:17

2017an egin zen GOFEren LEParen azken ariketa. / AFA

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen EPEak gizarte langile, desgaitasun monitore eta psikologoentzako 101 plaza eskainiko ditu. Guztira, 2.840 hautagai bilduko dira lehen ariketan, abenduaren 18an Europa Jauregian.

Astelehen honetan, GOFEren 2018, 2019 eta 2020rako enplegu publikoko eskaintzei dagozkien deialdietan onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda jasotzen duen foru agindua sinatu du Gizarte Politiketako foru diputatu Emilio Solak.

Zerrenda horrekin batera, lehen ariketak egiteko data zehaztu du aginduak. Abenduaren 18an egingo dira, Gasteizko Europa Jauregian: 10:00etan hasiko dira desgaitasun monitoreen lanpostuari dagozkionak, 13:00etan gizarte langilearen kategoriakoak, eta 17: 00etan psikologo plaza bat lortu nahi duten pertsonei dagozkiena.

Hiru deialdi horietan 101 lanpostu aterako dira lehiaketa oposiziora, eta guztira 2.840 hautagai izango dira: 1.183 pertsonak eman dute izena gizarte langilearen 42 plazetarako, 951k desgaitasun monitoreen 38 plazetarako, eta 706k psikologoen lehiaketako 21 plazetarako.

Lehen ariketa: galdera sorta

Kategoria bakoitzeko karrerako funtzionario lanpostuagatik lehiatzeko lehen ariketa galdera sorta bati idatziz erantzutea izango da. Galdera sorta horrek lau erantzun alternatibo izango ditu, gaien zerrenda komunaren eta gaien zerrenda espezifikoaren edukiei buruz.

Dagokien aretoan sartzeko, hautagaiek beren hatz-markekin identifikatu beharko dira. Horrez gain, NANa, pasaportea, gidabaimena edo agiri baliokidea (atzerritarren kasuan) eraman beharko dute probara, baita boligrafo urdina ere.

Probak zuzendu ostean, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean (ALHAO) eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen enplegu publikoaren atarian argitaratuko dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago