Arabako Errioxan bildutako 96,5 milioi kilo mahatsen "ezohiko osasuna" nabarmendu dute

Erredakzioa 2021ko aza. 15a, 14:01

Ia azarora arte luzatu da mahats-bilketa Arabako Errioxan. / Argazkia: PHOT.OK

96.500 tona mahats jaso dituen mahats-bilketaren osteko lehen dastatzeak "etorkizun handikoak" direla nabarmendu du Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak: "Kolore handiko ardoak dira, oso usaintsuak eta tanino oso biribilekoak".

Datu ofizialen arabera, Kontseilu Arautzaileak 96,5 milioi kilo mahats inguru babestu ditu 2021ean Arabako Errioxan, 2020an baino zertxobait gehiago. Arabako Foru Aldundiko Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak 2021eko Mahats-bilketaren Txostena plazaratu du, upeltegian sartu den mahatsaren "ohiz kanpoko osasuna" nabarmenduz.

Uztaren lehen dastatzeak "oso oparoak eta etorkizun handikoak" izan direla nabarmendu dute Ardoaren Etxeko arduradunek: "Kolore handiko ardoak dira, oso usaintsuak eta tanino oso biribilekoak. Irailetik aurrera eroritako urari, eguneko tenperatura moderatuei, gaueko freskotasunari eta ezohiko osasunari esker, heldutasunaren bilakaera geldoa eta progresiboa izan da", azaldu dute txostenean.

Aldundiko teknikariek txostenean gogora ekarri dutenez, ekaineko euri zaparraden ostean, bi hilabete baino gehiago ia ur tantarik gabe egon zen Arabako Errioxa, ekainaren erdialdetik irailera bitartean. Ondoren, aurtengo mahats-bilketari ekin zioten irailean zehar —urriaren 4tik 17ra erritmoa areagotuz—, 2020koaren aldean astebeteko atzerapenarekin. Mahats-bilketa ia azarora arte luzatu da, euri-jasa ugari utzi dituen meteorologia aldakorraren ondoriozko hainbat gorabeherarekin.

Nolanahi ere, "amaiera zoriontsua" ekarri du 2021eko kanpainak, mahatsari zikloa osatzeko aukera eman diolako eta mahatsa "ohiz kanpoko osasunarekin" sartu delako upeltegian.

Horrez gain, pandemiari dagokionez, Covid-19aren bigarren kanpaina "gorabeherarik gabe" garatu dela jaso dute txostenean, "aurreko kanpainako esperientziari eta ezarritako protokoloen jarraipen zorrotzari esker". Hala eta guztiz ere, "ezohiko egoera horietan langileen kudeaketak dakartzan zailtasunek, mahatsaren prezio baxuko aurreikuspenek eta eskulanak gero eta urriagoak izateak" mahats-biltzaile mekanikoarekin bildutako mahastien azalera handitzea eragin dute.

Arabako Txakolina

Bestalde, Arabako Txakolinaren kanpainari dagokionez, bolumena 2020ko uztaren "oso azpitik" dagoela jaso du Kontseilu Arautzaileak, baina "kalitate handikoa izan dela eta ardo handiak ekarriko dituela" nabarmendu du. Aurten 450.000 kilo mahats inguru bildu dira, 2020an baino %40 gutxiago; hala ere, kontuan hartu behar da jaso ohi denaren oso antzekoa dela, eta iazko uztak errekor absolutua lortu zuela.

Arabako Errioxan bezala, ia hiru hilabetez ia prezipitaziorik gabe igaro ostean, iraila euriteekin iritsi zen, eta urriaren hasierara arte jarraitu zuen. Orduan hasi zen mahats-bilketa Aiaraldean, 2020an baino bi aste beranduago, eta azaroko lehen asteko amaierara arte luzatu da.

"Oro har, iraileko euriek ez zuten eragin negatiborik izan fruituaren kalitatean, eta, ondorioz, errendimendua handitu egin zen, alea lodituz; errendimendu hori murriztu egin zuten udaberriko izozteek eta gatzatze gabeziek", jaso du txostenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago