"Arabako eraldaketa bultzatzeko ilusio eta asmo handiko aurrekontuak" iragarri dituzte gaur Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak eta Itziar Gonzalo Ogasun diputatuak. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak inoizko aurrekonturik handienak izango ditu 2022an: 574,4 milioi euroko aurrekontu proiektua aurkeztu du foru gobernuak —2021ean baino %8,9 handiagoa.
Aurreikusi daitekeenez, datozen asteetan arazo handirik gabe aurrera aterako da, foru gobernuak EAJ eta PSEren gehiengo osoa baliatuta.
Lurraldea digitalizatzeko, deskarbonizatzeko eta zainketa politikak bultzatzeko "aro berri bat" datorrela ziurtatu du Ramiro Gonzalezek, diru-bilketaren hazkundeari, Europako finantzaketari eta defizitari esker. "Aurrekontu sozial, inklusibo eta jasangarria da, oraina finkatu eta etorkizunari ziurtasunez begiratzeko aukera ematen diguna, pertsona guztien ongizatean inbertituz", azaldu du ahaldun nagusiak.
Besteak beste, inbertsioaren %28,75eko hazkundea planteatu du foru gobernuak: 135,3 milioi euro, proiektu estrategikoak abian jarri eta ekonomia zein enplegua berreskuratzeko.
Gainera, gizarte eta zainketa politiketara bideratutako baliabideak %9,3 hazi dira, 222 milioi eurotara iritsi arte. Arlo horretan, nabarmentzekoa da 84 milioi bideratuko direla adinekoen arretara, nahi izanez gero, beren etxean ahalik eta denbora gehien egoteko aukera izan dezaten; besteak beste, Gizarean edo Etxean Bai bezalako proiektuak eta Zahartzeari buruzko Ikerketa Zentroa bultzatuko ditu Aldundiak.
Ekonomia eta enplegua
Aurrekontu berriaren beste lehentasunetako bat ekonomia eta enplegua suspertzeari dagokio. 28,8 milioi euro bideratuko dira arlo horretara, eta hainbat partida nabarmendu ditu Itziar Gonzalo diputatuak: ekoizpen-sarearen lehiakortasuna hobetzea (5,8 milioi euro), Forondako aireportua (2,9 milioi euro), Advance Pharma Develop proiektua eta CIC Energigune sustatzeko egitasmoa. Horrez gain, 4 milioi euroko ekarpena egingo zaio turismoaren sektoreari, eta 500.000 merkataritzari.
Bestalde, 2,3 milioi bideratuko dira enplegua sustatzeko berariazko partidetara, 2 milioi euro Aiaraldeko inbertsio planerako eta 7 milioi euro nekazaritza politiketara eta landa garapenera. Abeltzaintza, mahastizaintza eta ardogintza sektoreak ere kontuan hartu dira aurrekontuetan.
Proiektu bultzatzaileak
Ogasun diputatuak "lurraldearen etorkizuna zehaztuko duten proiektuak abian jartzearen garrantzia" azpimarratu du, eta horien artean lau nabarmendu ditu: Erakunde arteko Plana (7 milioi euro) eta klima aldaketa arintzera bideratutako ekintzen bidez trantsizio energetikoari lehentasuna ematen dioten jarduerak (18,2 milioi euro). Arlo horretan, energia jasangarriei lotutako ekimenak eta horien sustapenarekin lotutako proiektuak daude, hala nola, hondakinen kudeaketa integralerako programa (7,3 milioi), Enargi proiektua (milioi bat euro), kontsumo kooperatibak (500.000 euro) edota ingurumena hobetzeko inbertsioak (400.000 euro).
Bestalde, administrazioaren digitalizazioa udaletara, kuadrilletara, administrazio batzarretara eta kontzejuetara zabaltzeko helburua izango du Araba Digitalaren Planak.
Tokiko finantzaketa
Azkenik, toki erakundeek 294,1 milioi euro jasoko dituzte Toki Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren (FOFEL) bitartez, laguntza osagarrien eskutik, Foru Planaren bidez eta gainerako partidetatik. "Arabako historiako baldintzarik gabeko finantzaketaren ehunekorik handiena" dela azaldu du ahaldun nagusiak. "890,66 euroko ratioa dago arabar bakoitzeko eta tokiko finantzaketaren urte bakoitzeko".
Zorrari dagokionez, Aldundiak 20 milioi euroko zorpetze garbia aurreikusi du bere gastu propiorako. Zehazki, 87,5 milioi euroko zorra planteatu du, datorren ekitaldian zehar 67,54ko amortizazioa aurreikusiz.