Kalkuluen arabera, ardi sektoreak urtero ardi latxen 2.000 tona artile inguru ustiatzen ditu, eta horrek metaketa arazo bat sortzen du abeltzaintzako ustiategietan. Zer egin daiteke ardi latxek urtean sortzen dituzten 2 milioi kilo artile hondakinekin? 2020an Neiker zentro teknologikoak, Maria Cle Leal moda diseinatzaile arabarrak eta Urkome LGE Urola Kostako landa garapenerako elkarteak, Latxaesnea kooperatibaren koordinazioarekin, beren indarrak batu zituzten Latxari proiektuan. Lankidetza bidezko ekimen bat da, latxa artilearen ehuna nabarmendu eta aukera berriak garatzeko, hainbat merkatutan komertzializatzeko.
Hondakin horiei aukera jasangarri eta tokiko bat eskaintzeko, Maria Cle Leal moda diseinatzaileak artile horretatik lortutako ehunez landutako berokien bilduma bat aurkeztu du Gasteizen, Latxari proiektuan inplikaturiko elkarlanari esker. Aurkezpenean, Montehermoso Kulturunean egindako lanaren lagin bat ikusi ahal izan da: gaur egun hondakintzat hartzen den zuntz naturalari balioa ematen dion kalerako moda bilduma bat. "Helburua, ingurumena zaintzen duten ezaugarriak dituen jantzi bakar eta esklusibo bat lortzeaz gainera, ardi latxaren artilearen komertzializazioak artalde horien ustiategiei balioa ematea lortzea ere izan da", azaldu du Miriam Pintok, Neikerren proiektuaz arduratzen den ikertzaileak. Egoera horretara iristeko oinarria izan da joan den maiatzean ehun bat lortu ahal izan zutela, hainbat eremu eta merkatutara egokitzeko gai den bilbe batekin, ardi latxaren artilea, material birziklatua eta beste zuntz natural batzuk proportzio desberdinetan konbinatuta.
Ardi latxaren artileak urtero behar duen kudeaketa eta gertatzen den metaketa arazoa dira, eta, hori konpontzeko, negozio bide berri bat irekitze aldera, beroki jantziz eta horietarako osagarriz osatutako bilduma honen diseinua izan da lehen mugarria. Cle Leal diseinatzailearen hitzetan, "proposamen hau euskal kultura eta nortasunari sakon lotuta dago, kontzeptuagatik eta diseinuagatik. Diseinu atenporalak eta moldakorrak lortu ditugu, molde garbi eta soilekoak, joskintza tradizionalaren jarduera ona balioestea lehenesten dutenak".