Min hartu duen mendizale bat erreskatatu dute Bustuko Ganetik

Erredakzioa 2021ko aza. 10a, 11:00

Ertzaintzaren helikopteroak Lakuako errugbi zelairaino eraman du zauritua. / ERTZAINTZA

Gasteizko Mendietako Bustuko Ganeko gailurretik jaisten ari zela, mendizale batek min hartu du hanka batean. Ertzaintzaren helikopteroak Lakuako errugbi zelairaino hurbildu du, eta bertan zegoen anbulantzia batek Txagorritxu ospitalera eraman du.

Astearte honetako 13:45ak aldera, Larrialdi Zerbitzuak mobilizatu dituzte, Gasteizko Mendietako Bustuko Ganeko gailurretik (976 m) jaisten ari zenean min hartu duen mendizale bati laguntzera. SOS Deiak 112 zerbitzuari jakitera eman diotenez, mendizaleak hautsiren bat izan zezakeen hanka batean; hortaz, ezin zen ibili eta ezin zion bideari bere kabuz jarraitu.

Ertzaintzaren helikoptero bat, Zaintza eta Erreskate Unitateko Mendiko Ataleko agenteak eta Gasteizko suhiltzaileak bertaratu dira istripua gertatu den lekura, eta zauritua erreskatatu dute. Lehenik, suhiltzaileek zauritua artatu dute, eta, ondoren, Ertzaintzaren helikopteroak hartu eta Lakua auzoko errugbi zelairaino eraman du. Bertan zain zegoen Osakidetzaren anbulantzia batek Txagorritxu ospitalera eraman du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago