Azaroaren 15etik aurrera aktibatuko du Aldundiak neguko bidezaintza plana

Erredakzioa 2021ko aza. 8a, 17:09

Elurra kentzeko 34 kamioi ibiliko dira Arabako errepideetan. PHOT.OK

234 langilek, elurra kentzeko 34 kamioik eta 69 traktorek ibilgailuen zirkulazioa erraztuko dute datozen hilabeteotan.

Neguko Bidezaintza Plana –2021/2022– azaroaren 15ean jarriko da indarrean, eta bost hilabete iraungo du, apirilaren 15era arte. 234 profesionalez, elurra kentzeko 34 kamioiz eta 69 traktore horzdunez osatutako ekipo batek ibilgailuen zirkulazioa erraztuko du datozen hilabeteotan. Hamabi gatz eta gatzun biltegik eta hamar estazio meteorologikok osatuko dute operatibo hori. Aiarako Kuadrillak emaniko baliabideei atxikitako elurra kentzeko kamioi bat berritzea da kanpaina honetako berritasun nagusia.

"Programa honen helburua da herritarren eta enpresen mugikortasuna eta jarduera erraztea elurra eta izotza agertzen direnean: ikasleak beren ikastetxera joatea, langileak beren enpresetara joan ahal izatea eta enpresek beren produkzioarekin eta zerbitzuekin aurrera jarraitu ahal izatea. Plan hori egiteko, giza eta ekonomia ahalegin handia egin behar da, eta denboraldi bakoitzean milioi bat eurotik gorako inbertsioa egin behar dugu", zehaztu du Blanca de la Peña Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren foru diputatuak.

Euskalmeten iragarpenak

Neguko Bidezaintza Plana abiarazteko, Euskalmeten iragarpenei begiratzen zaie; bi lan mota egiten dira: prebentzio lana, izozteak iragarri direnean edozein kotatan edo elurteak 1.000 metrotik behera eta 700 metrotik gora; eta larrialdi egoera, elurra iragarri denean 700 metrotik behera, loditu nahiz ez.

Giza baliabideak eta baliabide materialak lanean jartzeko, iragarpen horiek ez ezik, arloko profesionalen informazioa eta Aldundiaren hamar estazio metereologikoek ematen duten informazioa ere hartuko da kontuan. Estazio horiek, airearen tenperaturaz, haizearen indarraz eta norakoaz, eta prezipitazioez ohiko datuak emateaz gain, beste batzuk ere ematen dituzte, oso baliagarriak, hala nola asfaltoaren tenperatura edo izotzak eta elurrak asfaltoaren gainean duten lodiera.

Gatza eta gatzuna erabiliko dira urgarri moduan errepidean izotza sor ez dadin eta hura arinago urtu dadin. "Azken urteotan gatzunaren erabilera lehenesten ari gara ingurumen arrazoiengatik eta elurraren eta izotzaren aurka duen eraginkortasunagatik, eta horrela jarraituko dugu. Gaur egun, izotzaren kontra errepideetan erabiltzen diren urgarrien herena baino gehiago gatzuna da".

Material urgarriak biltegiratzeko edukiera 2.840 tona gatz eta 570.000 litro gatzunetan dago: urgarri horietako gehienak Gasteizen eta Agurainen dauden biltegietan gordetzen dira, baina, gainera, 8 gatz silo daude lurralde osoan banatuta lana errazteko (Araia, Dallo, Altube, Egileta, Leza, Murga eta Espejo).

Lehentasunak

Neguko Bidezaintza Planak ezartzen ditu elurteetarako lehentasunak, sareko errepide guztietan modu berean jardutea ezinezkoa denean: 1 lehentasuneko errepideetan bermatu nahi izaten da zirkulazioa posible izatea eguneko 24 orduetan; 2 lehentasunekoetan, zirkulazioa 8:00ak eta 18:00ak bitartean posible izan dadin bermatu nahi izaten da, betiere 1. lehentasunari erantzun bazaio; eta 3 lehentasuneko tarteetan, helburua horixe bera izaten da, betiere 2. lehentasunari erantzun bazaio.

1 lehentasunaren barruan sartzen dira: A-1; AP-1; AP-68, N-102, Gasteiztik Ariñizko lotuneraino; N-104, Gasteiz A-1ekin lotzen duena; N-124, Gasteiz Arabako Errioxarekin lotzen duena; N-240, Gasteiztik Barazarko mendaterantz doana; N-622, Gasteiz AP68 errepidearekin lotzen duena; N- 624 eta Forondako Aireportuko sarbidea; A-132, Nafarroarekiko mugaraino; A-2120, Zambrana eta Miranda de Ebro bitartean, eta A-2134. Errepide horiek guztiek 428 kilometro egiten dute guztira.

2 lehentasuneko errepide zatiek 119 kilometro egiten dituzte, eta Opakua eta Gasteizko mendateak sartzen dira bertan; aldiz, 3 lehentasuneko errepideek ia 1.100 kilometro egiten dituzte. Errepide horietako lanez kuadrillak arduratzen dira batez ere, Arabako Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenen bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago