Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeak gaur egingo balira, alderdi abertzaleek batzarkideak irabaziko lituzkete, beste indarren kalterako. Salbuespen bakarra Vox alderdia izango litzateke, inkestaren arabera batzarkide bat lortuko lukeelako, aurrenekoz Batzar Nagusietan sartuta.
Hala jasotzen da Arabako Aldundiak Ikerfel enpresari esleitutako inkesta baten emaitzetan. Horren arabera, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak, eserleku bat edo bi eskuratuta: 18-19 eserlekutan kokatuko litzateke. EH Bilduk 13 batzarkide lortuko lituzke, orain dituenak baino bat gehiago. PSEk eserleku bat edo bi galduko lituzke, 8-9 batzarkiderekin. PPk zein Podemos-IU-Ezker Anitzak batzarkide bana galduko lukete, hurrenez hurren, 7 eta 3 batzarkiderekin. Voxek, berriz, eserleku bat izango luke.
Emaitza horien arabera, jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioa mantenduko balitz, bi alderdien arteko gobernu koalizioa oraingo gehiengoa mantentzeko moduan egongo litzateke.
Boto asmoaz ez ezik, beste hainbat gairi buruz galdetu diete telefonoz 1206 arabarri, eta horretan oinarritu dute gizarte pertzepzioari buruzko azterlana. Besteak beste, pandemiaren kudeaketa, hedabideen kontsumoa edota energia berriztagarriak izan dira jorratutako gaietako batzuk.
Txostenaren euskarazko bertsioa argitaratu duten arren, bertsio hori hankamotz dago, agiriaren laurden bat falta delako. Informazio hau idazterakoan, euskarazko bertsioan 30 orrialde inguru falta dira; tartean, hauteskundeei dagozkiena.