Arabako hainbat enpresetako eragilek euskara sustatzeko estrategiak bilatu dituzte Arabako Enpresen Foroan. Gaur goizean egin dute aurtengo bigarren topaketa, Gasteizko Europa Biltzar Etxean. Irailaren 23an egin zuten aurrena, eta abenduaren 2an izango da aurtengo hirugarren hitzordua. Data horretan erronkak zehaztuko dituzte, eta baita hartutako konpromisoak ezagutaraziko ere.
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak iaz martxan jarri zuten foroa, Arabako arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko. Bai Euskarari Elkartea arduratu da aurtengo hitzordua kudeatzeaz, Lanabes ekimenaren barruan.
Lan taldeetan banandu dira gaurko parte hartzaileak, erronkak zehaztu aldera. Besteak beste, aholkularitza enpresek eskaintzen dituzten baliabideak ezagutu dituzte, Emun, Elhuyar edota AEKren eskutik, eta kanpoko hainbat esperientziaren berri ere jaso dute, hala nola Laboral Kutxarena edo Osasuna kirol taldearena. EGA Master, SEA, Oreka IT, Artepan, Mamia, Mutualia edota RPK dira parte hartzen ari diren enpresetako batzuk.
Behin betiko ondorioak abenduaren hasieran ezagutaraziko badituzte ere, iaz jorratutako lerroetan sakontzea espero izatekoa da. Iazko ondorioetako bat zera izan zen: bai barne maila zein bezeroei begira euskara baliatzen duten edo baliatu nahi duten enpresak identifikatzeko eta batzeko beharra. Aintzat hartuta enpresa bakoitzak berezkotasunak badituela, "elkarri laguntzea" eta "elkarrengandik ikastea" funtsezkotzat jo zuten. Finean, eragile horiek guztiek sare bat osatzea nahi dute, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko asmoz.