Gasteizko ahalduntze feministarako eskolaren testuinguruan antolatutako ikerketa feministen lehiaketaren emaitzak jakinarazi dituzte. Mentxu Ramilok, Itziar Nanclares de Ganboak eta Borja Muñozek egindako lana nabarmendu dute oraingoan; lehenengo edizioak izandako harrera ona ikusita, aukeratutako proposamen kopurua handitu dute aurten, eta orain hiru dira irabazleak eta bakoitzak 4.800 euroko saria jasoko du.
Aukeratutako proposamenen artean, 40 años de autodefensa feminista en Vitoria-Gasteiz. Una aproximación a su genealogía y a sus protagonistas Mentxu Ramiloren lana aukeratu dute. Proposamen horren helburua da autodefentsa feministaren mugarri garrantzitsuenetatik ibilbide historikoa egitea eta hamarkadaz hamarkada tresna horrek zer bilakaera izan duen aztertzea. Aitzindariak ezagutzea eta haiei aitorpena egitea ere lortu nahi du autoreak, baita Gasteizen eta Araban autodefentsa egituratzeko etorkizuneko proposamenak identifikatzea ere.
Gasteizko eskola-eremuan sexu-hezkuntzarako erabiltzen diren material eta baliabideak aztertzea, ikuspegi sexologiko, feminista eta intersekzionaletik Itziar Nanclares de Ganboa eta Borja Muñozen lana ere hautatu dute. Honen helburua da aipatutako materialen testuak eta ikonografia aztertzea, joera sexista, arrazista, kapazitistak edo LGTBIfobikoak ba ote dauden ikusiz, edo bestela, iruditeria anitz eta inklusiboa sortzen laguntzea. Horrez gain, gizateriaren sexu-aniztasuna aintzat hartzen duten materialak prestatzeko eta horiek ikuspegi sexologiko, feminista eta intersekzionaletik lantzeko gakoak ere proposatuko ditu.
Azkenik, Gizon ez-heterosexualen guraso-desira ez-patriarkalen iruditeriak zabaltzen. Ikuspegi intersekzionala, Borja Muñozen bigarren lana ere aukeratu dute. Proposamen honetako helburuen artean, nabarmentzekoa da identitate maritxua eraikitzearen eta gurasotasunaren gaineko rol patriarkalen arteko elkarrekintzari behatzea. Horrez gain, guraso-desira onartzeko prozesuan eta har daitezkeen erabakien norabideetan (gauzatzea, saiatzea, uztea…) izan daitezkeen zailtasunak bistaratzea ere helburu du.
Aukeratutako ikerketa-proposamenen aurkezpena maiatzaren 23an izango da, Emakumeen Etxean, Etxanobe Jauregian, eta proposamenak urtean zehar garatuko dira.