Agustin Arrieta Canales ingeniaria (Tutera, Nafarroa; 1959) duela hamar urte inguru hurbildu zen Arabako Astronomia Elkartera, jende asko eta asko teleskopioetara eraman duen galdera berdina altzoan zuela: Zer dago hor kanpoan? Eta galdera horrekin batera segidan ohi datoz are liluragarriagoak diren bestelako galderak: Lurretik kanpo bizia egongo ote da? Adimentsua izango al da? Eta, hala izanez gero, modurik egongo al da beraiekin komunikatzeko? Halakoak gertatzeko aukerak zeintzuk diren zehazten saiatzen da Drakeren ekuazioa, eta horren inguruko azalpenak eman zituen Arrietak urriaren 24an Gasteizen emandako hitzaldi batean.
Nondik abiatu zen Drakeren ekuazioa, eta zergatik da hain entzutetsua?
Frank Drake astronomoak prestatu zuen ekuazio hau, Green Bank behatokian egin behar zuten bilera bati begira. Drakek hainbat faktore jarri zituen mahai gainean, zera igartzen saiatzeko: gurekin komunikatzeko ahalmena duten zenbat zibilizazio egon ote daitezkeen Esne Bidean.
Zeintzuk dira faktore horiek?
Nahiko sinpleak dira. Lehen galdera da zein den bideragarriak izan daitezkeen izarren osaketaren ratioa. Horietatik, zenbatetan egon ote daitezkeen planeta sistemak. Horietatik, zenbat diren biziarekin bateragarri. Gero, zenbatetan garatuko den bizia. Ondoren, zenbat bizi forma adimentsu izango diren. Ondoz ondo jarraituta, zenbat izango liratekeen gai komunikatzeko. Azkenik, zenbat denboraz gai izango diren komunikatzeko.
Galaxiaren tamaina kontuan izanik, azken hau garrantzitsua da, ezta?
Bai. Eta hor anekdota bitxia dago: bilera horretan bertan ekuazioari lehen hurbilpen bat egin zuten, eta Carl Sagan zientzialari ezaguna oso harrituta geratu zen azken faktore hori zela-eta. Konturatu zen zenbaki oso-oso handia izanez gero, aukera gehiago egongo zirela bizi adimentsua aurkitzeko. Eta horrek eragin handia izan zuen Saganen ondoko jardunean, gogora ekartzen zuelako gizateriak bere buruaz beste egiteko arrisku handia zegoela. Gerra nuklearraren aurka eta ingurumenaren alde egin zuen, konturatu baitzen espezieen eta, oro har, zibilizazioen biziraupena funtsezkoa dela.
Mesopotamiara atzera eginda, gure zibilizazioak berak zortzi mila urte izango ditu, baina duela hamarkada gutxira arte gor eta mutu izan gara espazioaren seinaleei dagokienez...
Egia. Gure zibilizazioa ezagutza teknologiko handiak oso azkar eskuratzen ari da. Aldian-aldian biderkatzen da gure gaitasun teknologikoa, baina iraganean hori askoz mantsoagoa zen. Dena den, teknologiaren bilakaera azkar horrek bueltan ekar dezake ere zibilizazio gisa ahulagoak bihurtzea, gure buruaz beste egiteko arriskua ere biderkatzen delako.
Ekuazioa goitik behera doa, azken emaitza posiblea zedarritu arte. Hala eta guztiz ere, zenbaki itzela izan daiteke?
Bai, baina egia da ere ekuazio horretako parametro askotan ziurgabetasun handia dagoela, eta horrek ekarri du jende askok datuak kontuan hartu ez izana. Bilioika izarretatik, zenbat izan daitezke egokiak? Parametro asko bete behar dira: planeta egokiak egotea, klima egokia... eta horrela, modu progresiboan. Hortaz, momentuz dakigun bakarra da hemen bakarrik gaudela. Baina, modu berean, unibertsoaren zati ñimiño bat baino ez dugu aztertu. Zoragarria da ere ikustea gure zibilizazioak muga asko gainditzea lortu duela: gure planetan bizia garatu da, komunikatzea lortu dugu... Momentuz ez gara gai izan muga horiek guztiak gainditu dituen beste zibilizazio bat aurkitzeko, esan bezala, unibertsoaren zati txiki bat baino ez dugulako arakatu. Aldi berean, horrek aukera ematen digu geure egoeraz konturatzeko: lan egin behar dugu horrenbeste muga zeharkatu dituen zibilizazio honek etorkizuna izan dezan.
Txiripa ez zaigu falta izan: ikustea besterik ez dago Artizarrean dagoen infernua edo Marteren egoera zein den...
Horregatik, egile batzuek planteatzen dute Lur arraroaren teoria: hain eguzki sistema berezian gaude, eta biziak aurrera egiteko egon diren baldintzak hain bereziak izan dira, ezen zaila izango bailitzateke beste eguzki sistemetan ere biziak aurrera egin izana.
Horrenbeste zibilizazio posible egonda, zergatik ez dugu bat ere atzeman?
Hori da, hain justu, Fermiren paradoxak dioena. Azken finean, gizakiok guztiz txertatuta daukagu esploratzeko grina, eta oso zaila egiten zaigu ulertzea tamaina imajinaezina duen unibertso bat bakarrik guretzat izatea. Baina paradoxa horrek galdetzen du ea zergatik ez dugun zibilizazio posible horien guztien berri. Seguruenera teknologia eta denbora kontua izango da aurkitzea.
"Zaila egiten zaigu imajinatzea hain tamaina handiko unibertso bat soilik guretzako dela"
Itxaropena duzu egunen batean inoizko albisterik handienaren berri izateko, ala belaunaldiak pasa beharko dira horretarako?
Nik uste dut belaunaldiak pasa beharko direla, seguruenera oraindik eskura ez dauden teknologiak baliatu beharko direlako aurkikuntza hori egiteko. Ez dut espero nik ikustea, baina bai nire herenilobek. Funtsean, beharrezkoa den garapen teknologikoa falta zaigu. Oso urruneko seinaleak behatzeko gai gara, baina ez dut hain garbi seinaleak aurkituko ditugunik: horiek ondo jasotzeko eta datu guztiak tratatzeko gaitasun nahikorik ez dugu. Atzemateko, teknologia berria behar dugu. Adibidez, laster James Webb espazio teleskopioa jaurtiko da, eta infragorriaren bandan lan egiteko gai izango da. Izarren jaiotzak hobeto ikusiko ditugu horri esker.
Jendeak ulertzen al du hau kontu serio bat dela?
Nik esango nuke denborarekin jendeak ikasi duela bereizten hau eta gainerako kontuak; Objektu Hegalari Ezezagunak eta horrelakoak. Jakina denez, halakoen inguruan inolako ebidentziarik ez dago, eta hori jorratzen den modua oso urrun dago zientziak lan egiteko duen prozesutik.
SETI pasiboaz gain, SETI aktiboa ere badago, seinaleak nahita bidaltzeko. Badira diotenak hori arriskutsua izan daitekeela, atentzioa eman dezakegulako. Zuk zer uste duzu?
Esploratzeak beti arriskuak dakartza ezinbestean, baina, nire ustez, ausartak izan behar gara. Fermiren paradoxa ikertzen duten askok zalantzan jartzen dute zibilizazioak aktiboak izan behar ote diren, eta nahita isilpean mantentzen direla uste dute, arreta ez erakartzeko. Egia da zu menderatu nahi zaituen zibilizazio bat aurkitzeko arriskua badagoela, baina ni komunikatzearen aldekoa naiz. Esploratzaile gisa, ezin gaitezke isilpean geratu.